Gure kostalde ipurtarina
Gure ondare kulturalaren parte dira Juan Mari Beltran musikari eta ikerlari handiak Kostaldeko soinuak (2019) albun ederrean bildu zituen kanta eta musika herrikoiak. Euskal Herriko kostaldeari eta bertako herritarrei dedikatutako 16 altxor aurkitzen dira bertan, Lekeitioko Kaxarrainka izanik horietako bat.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko kostalde inguruetan bada ondare elementu gehiago. Bertako arrokek gure paisaiako biodibertsitatea bermatzen dute askotan (Hitza 2023/02/17). Eskualdeko arrokak aztertuz, bere historia geologiko gehiengoa itsaspean pasatu duela ere badakigu; izan ere, Pirinioak sortu aurretik, Iberiar eta Europar plaken edo lur-masen artean, luzaroan, itsasadar bat existitu da. Duela 120-100 milioi urteko arrokak, esaterako, karbonatozko itsas plataforma giroan sortutakoak direla ikusi genuen (Hitza 2023/03/30). Orduan, kosta lerroa gaur egun baino hegoalderago kokatzen zen? Bai. Kosta lerroa ez da beti leku berean kokatu, nahikoa ipurtarina izan da.
Itsas mailak, eta ondorioz kosta lerroak, glaziazio eta integlaziazio txandakapenetan aldaketak izan ditu. Garai hotzetan itsasotik lurruntzen den ura kontinenteetako izotz masetan geratu da (ez da itsasora bueltatu) eta itsas mailak beherantz egin du. Azken glaziazioan (duela 18.000 urte inguru), itsas maila egungoa baino 120 m beherago zegoen, eta kosta lerroa 10 km inguru itsas barnerago (iparralderago) kokatzen zen. Ondoren, interglaziazioan, izotz masak urtzen joan dira, ur asko itsasora itzuliz eta itsas maila igoz.
Lurrazala osatzen duten plaka edo litosfera-zatiak (kontinentalak zein itsas hondokoak edo ozeanikoak) material likatsu baten gainean (mantuan) mugitzen ari dira (ikus Plaken Tektonikaren Teoria) eta mugimendu honek kontinente ertzetan itsas maila aldaketak sortarazi ditu. Lurraren historia geologikoan, kontinenteak elkarrengandik aldendu dira, bien artean itsasadar eta ozeanoak sortuz, edo elkarrengana hurbildu dira, talka (edo txoke) egin eta mendilerroak sortuz; adibidez, Pirinioak. Azken hau, orain dela 80 milioi urtetik 20 milioi urteraino iraun zuen plaka iberiar eta eurasiarraren arteko gerturatze eta talka prozesuengatik sortu zen. Prozesu tektoniko honek iraganeko itsasoaren aztarnak airepean ezarri zituen.
Arroka itsastar hauek, orain, gure eskualdean, euri-urak, ibaiek, itsasoak eta izotzak modelatu zituzten mendi, bailara eta itsas labarretan aurkitzen dira eta, modelatzen jarraitzen duten bitartean, kostaldeko soinuen lekukoak dira.