'Guernica' maileguan
Jaurlaritzak Picassoren Guernica aldi baterako lekualdatzea eskatu dio Madrili. Nora eta Bilbora. Geurea dena maileguan eskatzeak duintasun gutxi erakusten du, Bengoetxea anderea. Jaurlaritzak erreserban duen komodina atera du berriro ere mahukatik. Betiko lez gizarte eragileen egitekoak eta esatekoak aintzat hartu gabe. Horrela indartzen al dira demokrazia eta elkarbizitza, Bengoetxea anderea? Asko eta asko ezezkoan gaude baina Jaurlaritzak era honetako “transakzioak” baliatzen ditu “Estatuaren kolaborazioa indartzeko”.
Ez dugu onartzen “Euskal Herriarentzat duintasun eta erreparazio keinu” aldi batekorik ez eta “Euskal Herriarentzat esanahi historiko, sinboliko eta emozional sakona” duen artelana iraungipen data zehazt batekin ekartzea ere. Bederatzi hilabeterako eskatu da Guernica. Haurdunaldia dirudi. Erditzerik balego, zer ote? Eta, gero?
Guernica Bilbora ekartzeak ez du “memoria historikoa indartzen eta demokraziaren, askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko mezu argia zabaltzen” lagunduko. Are gutxiago Salomon Guggenheimen sukurtsalera bada. Ez, ez du lagunduko. Lagunduko du, ordea, bonbardaketaren egia aitortzeak; artxibo militarrak zabaltzeak; erantzukizunak onartzeak; erreparazioak.
“Guernica Gernikara” aspaldiko aldarria dugu. Horren aldeko ekimenak askotarikoak izan dira azken 50 urteetan. Guk ez dugu inoiz motor ekonomiko gisa kontsideratu; bai, ordea, motor espiritual eta kultural gisa.
Jaurlaritzak, enegarrenez, fokora ekarri duen berriak interes espurioak ditu. Beste gauza batzuk ezkutatzeko (Osakidetza, Etxebizitza, Soldata mininoa, Ertzantza…) baliatzen du hain sentsiblea den gaia. Interesa benetakoa balitz Gernikan aspalditik eraikia beharko luke Guernica hartzeko leku bat. Leku hutsa absentzia baten presentzia nabarmenago egiteko; leku isila, bere garrasiaren durundiaz betea entzun nahi duenak aditu dezan.
Guernicari azken bidaia falta zaio dagokion tokian betiko geratzeko. Guernica Gernikara.