Gora Boga Boga!
Pasa den ostiralean Feministaldiak ateak ireki zituen, beste urte batez. 2005az geroztik, Donostiako hainbat kultur espaziotan Euskal Herriko leku ezberdinetako feministak elkartzen ditu jaialdi honek. Bada, aurtengoan, nire bizilekuko eta eskualdeko feministak elkartu ditu.
Boga Bogako andrak etorri ziren Donostiara, Zahartzaro feministarantz dokumentala aurkeztera. Dokumentalaren zuzendariek eta taldeko partaideek solasaldi bana eskaini zuten, proiekzioaren aurretik eta ondoren.
Ez naiz ondarrutarra, baina azken lau urteetan bertan lan egiteagatik ezagutzen dudan jendea, lagunak eta militantekideak ditut Ondarrun. Harreman estua daukat herriarekin, eta Tabakalerako aretoko lehen lerrotik, Donostian bizi naizenetik sentitzen dudan eskualde harrotasunez begiratu nien Ondarruko andrei.
Dokumentalaren zuzendariek behin baino gehiagotan aipatu zuten ekoizpen hau Boga Bogako kideei eta kide izandakoei aitortza egiteko aitzakia bat ere izan dela. Izan ere, 30 urtez mantendu dute bizirik herriko señoren elkargunea, oztopoak oztopo.
Formakuntza ukatu zaien emakumeentzat ezagutzarako eremua izan da, denbora lapurtu zaien andrentzat aisialdirako espazioa. Esfortzura kondenatu nahi zituztenentzat gozamenerako aukera, eta senar-seme-aiten bizitzak sostengatzeko etengabeko langile nahi zituztenentzat, subjektu bilakatzeko eremu. Gaur egun, eskualdeko talde feminista handienetako bat da Boga Boga. Dokumentalaren ekoizpen eta aurkezpenak aitortza publiko bat egiten dio hamarkadetako lanari; aitortza publiko bat, aitortza oro lapurtua izan zaienei.
Aitortza honen parte izateaz gain, eskualdeko feminista eta bollera gisa, irakaspenak jasotzeko eta esperantzarako ere izan zen ostiral arratsaldea. Irakaspenak, erresistentzia eta askatasun modu propioak erakutsi zizkigutelako. Esperantza, familia-bikote heterosexualetik kanpo bizi nahi dugunontzat, bestelako afektu sareek sostengatuta bizitzea posible dela ikusi genuelako, baita herri txikietan ere. Bakardadeak, tristurak edo lanak ardazten ez dituzten zahartzaro zoriontsuak eta gozagarriak posible direla berretsi genuelako.
Eutsi diezaiogun proiektuari, gutxienez, beste 30 urtez.