Gezurrek eta engainuek hanka laburrak dituzte, ez baitira akatsak, erabakiak baizik
Zer-nolako sasoiak! Palestinan sionistek genozidioa etenik gabe burutzen ari direla (jada ez dizkigute hildako eta desagertuen zifrarik ematen (70.000/100.000 artean!), inpunitate edo zigorgabetasun berdinarekin eta nazioarteko legedia berriro mespretxatuz, gerra hutsa Libanora eta Siriara zabaldu dute.
Libanon sionistek arazoak izan dabez Hezbollahren erresistentziak kalte handiak eragin dizkielako. Beiruten eta beste herri askotan suntsipen ikaragarria sortu dute, eta kalteez gain, milaka hildako izan dira bonbardaketen ondorioz.
Sionistek Libanon «onartu» duten su etenak argi utzi du gauzak ez direla joan espero zuten bezala. Horregatik, Turkiaren laguntzaz, Siriako frontea zabaldu dute, Libanoko porrota nolabait disimulatzeko.
Turkiak beti nahi izan du Siriako iparraldea bereganatu. Baina horrez gain, Turkiak eta mundu atlantikoak, NATOk, Israelen mesedetan piztu dute gerra berriz, nortzuk eta AlQaedako eta ISISeko mertzenario-terroristak aktibatuz!.
Azken helburua Ekialde Hurbila hankaz gora jartzea da, balkanizatzea da, Iran suntsitzeko bidean.
Duela bi urte Sirian egon ginen. Gorriak pasatzen ari dira. Caesar legearen blokeoa. Lurrikara. Terrorismoak 2011tik 2016ra 500.000 hildako utzi zituen!… Jendeak bakea nahi du, behar du. Gehienak Siriako gobernuaren aldekoak dira, eta hori da siriar herriari barkatzen ez diotena.
Kristauak, musulmanak, fedegabeak bakean bizi izan dira beti Sirian, Iraken eta Palestinan, eta hara hor, bai yihadistek, bai sionistek soportatzen ez dutena: konfesio anitzen arteko elkarbizitza. Biak doaz bide beretik: Estatu Mesianikoa. «Jainkoak aukeratu ditu, Jaungoikoaren legea inposatu eta mundua paganoz garbitzeko». Ikusi Gaza, Beirut, Aleppo… gidoi bera. Odolaz blai!
Gutxi balitz, inboluzio atlantikoa erabat zabaldu da munduan. Lotsarik gabe. Azken aste honetan Georgian, Errumanian, Moldavian… eta Hego Korean! ibili dira bazterrak nahasten. Helburua? «Demokrazia» ezartzea baino, Errusia eta Txinako inguru osoa bereganatzea, herrien borondatearen kontra bada ere, sortzen ari den mundu alternatiboa eragotzi: BRICS eta beste 31 estatuk garatu duten lankidetza multilaterala, hain zuzen ere.
«Gure» mundu mendebaldarra, bere buru demokrazia eta gorentasun moralaren eredutzat duena, urrunegi joaten ari da bere nagusitasun hegemonikoa defendatu nahian. Marka guztiak hausten dihardu, gezurra eta neurri edo rasero bikoitza lotsarik gabe erabiliz, gogoratu gabe gezur batekin urrutira iritsi zaitezkeela, baina ezingo zarela itzuli.
2001ean Irailaren 11n «AlQaeda zen etsaia», orain, kidea. Tartean, Suntsipen Handiko Armen iruzurra eta hainbeste engainu. Ez dira akatsak, erabakiak baizik!