Gernikako larrialdiak larrialdian
Pasaden asteko domekan Gernikako Ospitaleko larrialdietara joan behar izan nintzen aitarekin. 16:00etan sartu ginen. Aita covidarekin gaixotuta zegoen, eta pertsona oso nagusia da. Sartu eta batera, Box-etan jarri zuten, eta bertan egin zizkioten egin beharreko proba guztiak. Medikuak laster esan zigun ingresatuta geratu beharko zela, baina Galdakaoko Ospitalea saturatuta zagoenez, itxaron egin beharko genuela. Arazoak daudela ohea lortzeko, covid positibo izatean arazoa larriagoa zen. Medikuak dei batzuk egin zituen oheak lortzeko, baina ezinezkoa izan zen egunean bertan Galdakaora joatea. Gernikan egin genuen gaua, eta hurrengo eguneko goizean oraindik ez genuen informaziorik. Langileen lana bikaina izan zen momenturo, baina aipatzen zuten ez zeudela prestatuta ordu askotako itxaronaldietarako, pastillak, janaria eta lekua, esaterako, ez daukate nahikoa.
Asteleheneko eguerdian aipatu zuten ohea eman zigutela, eta libratu bezain laster, anbulantzia eskatu eta Galdakaora eramango gintuztela. Gu pozik eta zain. Arratsaldea luze joan zen. Sarrera momentutik 30 ordu inguru pasatu zela ikusita, erizainek deiak egin zituzten gure egoera azaltzeko. Langileek azaldu ziguten anbulantzia berezia behar genuela, covid-a zuelako aitak, eta gure kasua luzerako joango dela. Ordurako, aita oso urduri jarri zen, gaua gainean genuelako eta oraindik konponbiderik ez. Gernikako langileen ahaleginari esker, gaueko 00:30etan ailegatu zen anbulantzia, eta Galdakaora eraman gintuzten. 32 ordu eta erdi geroago heldu ginen gure lekura.
Nor da honen arduraduna?
Gernikako Ospitaleko erabiltzaileok hau merezi dugu?
Ezin dira ohe batzuk ipini Gernikan?
Herri txikietako biztanleak bigarren mailako herritarrak gara?
Zerbitzua hobetu mesedez!!