Genozioa ez bada, zelan deitu?
Gazako Gettoa lur zerrenda bat da. 41 km-koa luzez eta 6 eta 12 km-koa zabaleraz (Debatik Donostira bezalako eremua) eta 2.300.000 biztanle ditu!
2023ko urriaren 7tik sionistak Gaza suntsitzen ari dira. II. Mundu Gerratik proportzionalki emon dan genozidiorik handiena. 4 hilabetetan 35.000 hildako: 12.000 umeak direlarik. 70.000 zauritu. 2.000.000 pertsona ihesean hegoaldean itxita dagoen gune zabal batera, han berriro ere bonbardatuak izateko. Gazako iparraldeko eraikinen % 82 txikituta. Energia, ura eta janaria blokeatuta. Negua, hotza eta euria… Bai, genozidio bat da, eta horregatik ‘Israel’ salatua izan da Hegoafrika eta munduko beste hamarnaka estatu eta erakundeengatik Nazioarteko Auzitegi Gorenean.
Munduan 15 milioi judutar daude guztira. Mexiko DFko biztanleria baino gutxiago. Honetatik, 8 milioi inguru ‘Israele’ bizi dira. 8 milioi besterik ez!
Judutarrak ez dira herri bat edo munduan zehar sakabanatuta bizi dan nazio bat. Judaismoa erlijio bat da. Kristautasuna edota islama bezala, judutarrak multietnikoak eta multikulturalak dira. Jatorri ezberdinetakoak. Eslabiarrak, askenaziak (Europa Erdikaldekoak), sefardiak, falashak (baltzak azalez, Afrikako Adarrekoak), persak (iraniarrak), eta semitak (ekialde hurbilean eta Magreb jaiotakoak). Azken honek dira semitak, eta eurak bezala inguru berdinean jaiotako arabiarrak. Beraz, palestinarrak be, semitak ditugu.
Sionismoa, konstrukto bat da, inbento bat. XIX. Mendean Europan bizi ziren judutar batzuk argudio mitologikoak erabiliz nolanahiko ideologia abertzale bat garatu eben. Munduan dagozan judutar gehienak ez eben eta ez dabe sionismoaren proiektu horretan parte hartu nahi. Asimilatuak dira, hau da judutarrak sentitzen dira erligioz baina hurrenez hurreneko nazionalitateaz (estatubatuarrak, italiarrak, errusiarrak, grekoak…).
Sionisten ustez, Palestina eta ia Ekialde Hurbil osoa (Eufrates ibaitik –Iraken- Nilo –Egipton- (Eretz Israel edo Israel handia deritzotena) Jaungoikoak judutarrei prometitutako edo agindutako lurraldea da. Ikuspegi mesianiko horretatik, ‘Israel’ estatu supremazista eta arrazista bihurtu dabe. XX. mendean izan diran buruzagi sionista guzti-guztiek ( Ben Gurion, Golda Meir, Shamir, Sharon, Netanyahu…) argi aldarrikatu dabe ‘Eretz Israelen’ eraikuntzan arabiarrak soberan zirela.
1948an Israel jaio eta berehala 800.000 arabiar bota ebezan Palestinatik. Etxeak lapurtu, herriak desegin… Nakba deritzo ‘triskantza genozida’ hartari. Ordutik Siria, Libano, Egipto, Zisjordania eta Jerusalen, batez ere, sionistek lurrak eta jabetzak atzerritik heldutako kolonoen bitartez eskuratu dabez, palestinarrak botaz, haien helburu historikoa bete nahian.
Sionismoak ‘Israel’ kritikatzen edo salatzen daben guztiei antisemitismoaren etiketa jartzen deutse, baina palestinarren sarraskia ikusita sionismoa da benetan, egun, semiten kontrakoa dana.
‘Israelek’ historikoki judutarren biktimismoan oinarritu dau bere ekimena, baina oraingoan guztiz xahutu dau biktimismo manipulatu hori. Zelan genozidio baten «biktima izan» genozidio bat burutzen dozun bitartean?