Gaueko elaiak
Animaliak lotsatiak zein ugariak dira geurean. Ospez batzuk higuingarriak, eta besteak etxerako modukoak. Ohikoena, gainera, itsusitzat hartzen ditugun horiek arriskuarekin lotzea da; adibidez, sugeak eta pozoia; eltxoak eta gaixotasunak; onddoak eta haluzinogenoak… Beharbada, txipiroia eta bere tinta dira salbatzen direnak. Alabaina, begiak ondo graduatuz gero, haienganako ikuspegia zeharo alda dakiguke. Begi onez ikusteko behar ditugun betaurrekoak bilatzen hasi aurretik, pentsa ezazu ilunetako piztia maitagarri batzuez jardungo dudala. Beraz, infragorriak eskura izan, baita aurikularretan ultrasoinuak entzuteko aukera isiotuta ere.
Izaki bizidun hegalari hauek iparraldean Gau-enara izena dute. Nahikoa erromantikoa da kontua, baina are interesgarriagoa bihurtzen da indibiduoen arteko harremanak aztertzerakoan. Diskotekak dituzte: estalaldietan ar guztiak kobazulo zehatz batzuetan biltzen dira eta emeei garrasi egiten diete ligatzeko edo. Batzuetan lortzen dute eta beste batzuetan kale. Horrez gain, gure gizartean ezagutzen ditugun jokabide berdinak erakusten dituztela behatu izan da: erlazio homosexualak, masturbazioa… Batzuen buruan bekatua bada ere, naturak aurrez aurre jartzen ditu adibideak. Hori ikusi nahi izatea, ostera, hautu politiko bilakatu dugu.
Gurean saguzar izena hartzen dute: nahikoa propaganda txarra musofobia (saguen beldur) edo gerontofobia (adintzearen ikara) duenarentzat. Baina besteontzat ez luke arazo izan behar, ez? Zoritxarrez, aurreiritziak pisu handia dute. Gure gizartean gertatzen zaigun moduan, animaliatxo hauek gutxiengo batek eragiten duen fama hartzen dute; alegia, 1.300 saguzar espezie desberdinetatik 3 baino ez dira odol-xurgatzaileak… Bram Stokerrek —Dracula eleberriaren idazlea—, ordea, atera zion errenta mandoa honi!
Gutxi balira bezala ugaztun honek dituen dohain guztiak (ekokokapena, hegan egitea…), gure herrialdeko uzten izurri diren hainbat artropodoren populazioen kontrola daramate: dietaren oinarria intsektuak dira. Apur bat urrunago joanez gero (Mexikora), konturatuko ginateke saguzar barik tekilarik ez litzatekeela egongo; izan ere, Agave landarearen polinizatzaile bakarrak dira.
Amaitzeko –bestela, ez nuke bukatuko–, pandemian zaintzaren zein familiaren garrantzia sentitu izan dugu. Bada, saguzarrek ere gure eredua jarraitzen dute: kuma bakarra dute ernaldiko (edo bi), haurtzaindegiak dituzte horiek jagoteko, urtero etxe berdinera bueltatzen dira ugaltzeko… Enpatizatzen hasteko garaia dugu!