Gaixotasunaren sintoma bat
Ohikoa izaten da jendearekin topo egiten dudan momentuan bertan hegaztien inguruan berba egiten hastea, denek baitakite asko gustatzen zaizkidala. Batzuetan, beraiek egun batean ikusi zuten hegazti baten inguruan zerbait kontatzeko izaten da, inoiz txoriren bat ere erreskatatu behar izan dutela ere kontatu dit baten batek.
Aurreko batean, ostera, berak «txori» hitza entzuten duenean, bere seme-alabek jolasten duten «Angry Birds» jokoa edo Youtubeko Gabi de la Mazaren bideotan agertzen den txantxangorria etortzen zitzaizkiola burura esan zidan batek.
Eta ez pentsa, holakoak asko entzuten ditut, hegaztiak bideoekin edo jolasekin lotzen dituztenak. Badirudi gure artean ez direla txoriak existitzen, eta bakarrik bideo-joko eta Youtube edo sare sozialetako bideotan daudela.
Adinez nagusiagoak direnekin hitz egitean, ostera, asko aldatzen dira gauzak. Gaztetan nola txori habiak bilatzera jolasten zuten, enara habien azpian kartoi zatia jartzen zutela edota txori txitei jaten emateko kilkerrak edo sitsak harrapatzen zituztela kontatzen didate.
Tamalez, baita ere adin nagusiagokoekin berba egiterakoan nabaritzen dut gehiago dakitela eta gutxienez hegazti ohikoenak identifikatzen dituztela. Batzuetan, gainera, oso aberasgarria izaten da, lekuaren arabera izenak ere asko aldatu ohi direlako.
Kasualitatea? Ez dut uste.
Zenbat denbora pasatzen zen naturarekin kontaktuan eta zenbat denbora pasatzen dugu orain?
Gaur egun pantailen aurrean denbora asko pasatzen dugula argi dago, eta hori gauza askotan nabaritzen da.
Pena da, baina txorien inguruan ere geroz eta gutxiago dakigu, baina hori daukagun gaixotasunaren sintoma bat baino ez da.