FamiLilia
Mundu honetako herritar izatea ez da kontu makala gero. Egunerokotasunean ez itotzea lorpen kategorikoa denez, oraindik arnasteko gai garenok uste baino prestatuagoak gaudela pentsatzen hasita nago.
Arnasa hartzeko, arnasguneak behar dira, baina. Errutinak eragiten dituen buruhausteak aparkatu eta tartetxo batean zoriontsu izateko oasiak. Nire kasuan, harro diot nireak saskibaloia eta bertsoa direla. Barkatuko didate nire lagun Globertrotterrek, baina gaur beste esparruaz idatzi beharrean nago.
Ia adinez nagusi bilakatzearekin batera hasi nintzen bertso eskolan, doinu zaharrek sorginduta. Urte luzeetan euskal musika irentsi duen bikote baten seme eta etxe kantari bateko partaide izan arren, nerabezaroan benetako zaletasunak ezkutatu eta sasoiko korronteak jarraitzen hasi nintzen. Bertsoa gauza zaharkitutzat zeukaten inguruan eta adin horietan gauza berriak ezagutzeko nahia gailentzen da etengabean. Ziur nago horrelaxe galdu direla makina bat talentu. Talentutik asko ez daukadan arren, uztearena ez zen nire kasua izan, zorionez. Ez dakit zein izan zen arrazoia, gakoa edo ‘klik’-a, baina aurretik edukitako lotsa eta beldurren koktela «hoba da berandu, sekula baino» esaldiarengatik trukatu nituen. Ezkutatzetik erakustera arteko bidean, Gernikako Pasilekuan zegoen gaztetxeko atean aurkeztu nintzen, astelehen buruzuri batean. Bertan batzen ziren Lilibertsoko kideak, lehenik gaztetxoak eta ostean izandakoak. Hamar urte pasa dira ordutik, eta ez da egon bertsoan babes hartu ez dudan asterik, ezta lehenago hasi ez izanaz damutu ez naizen egunik ere.
Piezen arteko lotura bada gakoa, puzzle elegantea da Lilibertso. Oinarrian bertsoa den arren, mundua begiratzeko modu bat ere izan daiteke. Elkartea eta kuadrilla. Gure mobida eta lorpenekin, baina arnasgunea beti arnasgune. Esaterako, oraintsu bukatu da lan nekaezinaren ondorioz enegarrenez antolatutako Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. 18 bertsolari osotara, otsaileko 3 finalaurrekotatik martxoaren 5ean Astran jokatu zen finalera artean. Onintza Enbeita handiaren gerizpetik, Jokin Ansotegi edo Janire Arrizabalaga lilikumeen mutiritasuneraino. Helduek tinko diraute, eta berriak badatoz. Sendotasun erakustaldi bikaina. Gora Lilibertso!
«Liliak egün jauntsi ederrenetan, mila kolorez dantzan bihotzetan».
Ateak zabalik daude. Kantuz eta enkantuz bizi gara. Asko bizi gara.