Eztabaida non dagoen
Bernedoko udalekuak guztion ahotan egon dira azken asteotan. Hainbat medio, politikari ezagun eta sare sozialetako kontu anonimok dutxen mistotasuna, eraso sexistak, sexu genero disidentzia eta haurren aurkako erasoak nahasi dituzte, modu interesatuan. Eman diezaiogun argitasun pixka bat.
Bernedoko udalekuetako begiraleek jakinarazi duten gisan, jaso dituzten salaketa eta kexa guztiak dutxen funtzionamenduaren (hots, mistotasunaren) ingurukoak izan dira; alegia, ez dute eraso sexistengatik salaketarik jaso. Erasorik egonez gero, jakin egin nahiko luketela adierazi dute, «neurriak hartzeko eta beste ezeren gainetik, erasoa jasan duen pertsonaren aldean kokatzeko».
Izan ere, udaleku hauek balio feministetan oinarritzen dira. Feministak ez direnak Bernedoko udalekuen aurkako gezurrak zabaltzen dabiltzan TERFak, erreakzionarioak eta faxistak dira, emakumeen ongizatearen babesle gisa aurkeztu badira ere. Ez da berria trikimailua: eraso sexistekiko «kezka» soilik bestelako bazterreko kolektiboak zapaltzeko balio dienean plazaratzen dute. Transfobia zabaltzeko erabili dute oraingoan. Ehiza arrazistak justifikatzeko erabili zuten udan.
Hain zuzen ere horregatik, afera ez da dutxen mistotasunaren defentsa (soilik). Baizik eta dutxen mistotasuna, interesatuki eraso sexistekin loturik, aitzakia gisa erabiltzen ari direla transfobia zabaldu eta sexu genero disidenteon borrokaren difamaziorako. Transfobia hau erreakzionarismo zabalaren aurpegietako bat da, ezkerreko kapetan ere murgiltzen ari dena, besteak beste, arrazismoarekin eta misoginiarekin batera.
Izan ere, hamarnaka eragile feminista, antiarrazista eta transfeministok atera dugun komunikatuan jasotzen den bezala, diskurtso erreakzionarioek sektore prekarizatuak, bazterrekoak eta mugimendu sozialak jartzen dituzte arazoaren erroan. Pobreziak, prekarizazioak eta heriotzak nagusi diren garaiotan, eraldaketa sustatu dezakegun mugimenduak desintegratu eta desagerrarazteko.
Beraz, ezkertiar gisa: uler dezagun erreakzioa bere luze-zabalean, bere kausa eta interes politikoekin, estrukturalki. Salatu dezagun modu argian. Posizionatu gaitezen modu ausartean balio eraldatzaileen alde. Azal diezaiegun elkartasuna Bernedoko begiraleei eta Euskal Udalekuen komunitateari.
Eta batez ere, ez diezaiegun erreakzionarioei eztabaida markoa erosi.