Ez da posible! Ezin liteke! Nola ote...
Garbiñe Astoreka - Bermeo
2017. urtean, Gernikan; bakearen hirian, aitonen batzarlekuan, Foruen babeslekuan… ezin daiteke horrelakorik gertatu….
Ba, bai! Oraindik orain euskaldunok debekua eta zentsura jasaten dugu, eta hau gutxi balitz erakunde publikoen aldetik datorrenean mingarriagoa da. Pasadan apirilaren 28an, Gernikako bonbardaketaren urteurrena zela eta, Gernikako Udal Musika Eskolak Bakearen Doinuak ekitaldia antolatu zuen, bizperan gaueko 10etan, ekitaldi honen entsegu orokorrean geundela, Musika Eskolako hiru arduradunek jakinarazi ziguten Arrano Beltzaren ikurra ezin genuela erabili ekitaldian, ikur politikoa delako.
Aho bete hortz geratu ginen, ezin sinistu entzuten genuena. Lehengo bururatu zitzaiguna izan zen, «ezjakintasuna da, eta Arrano Beltza zer den azalduta txarto ulertu hau konponduko da». Baina ez zen horrela izan, berdin zitzaien burujabetzaren ikurra izatea, euskaldunok subirau gineneko garaietako ikurra izatea… Ezezko borobila zen. Musika Eskolak bere arauetan zuela ez onartzea ikur politikorik eta Arrano Beltza ikur politikoa zen heinean ez zutela onartzen. Orduan, ikurrina? Ikurrina bera ere ikur politikoa bada, eta bonbardaketa? Zer da ba, ekintza politikoa ez bada… Ulertezina, guztiz ulertezina izan zen egoera; surrealista. 2017an Gernikan horrelakorik gertatu beharra ere. Ruperren moduan nago ni ere… «Ez da posible! Ezin liteke! Nola ote…».