Euskara garelako
Zabaldu berri da Korrikaren edizio berriko leloa: Euskara gara. Euskara gara, egunero hasten delako gure konpromisoa euskarak bizirik jarrai dezan; euskara egunero hazten delako hizkuntza-ekosistema globalean bere lekua aldarrikatzen dugun aldiro. Euskara gara, bizirik jarraitzen dugulako eta gurekin daroagulako ahominean. Bide luzea eta oztopoz betea euskararena. Zenbat bizipen, irakurle, kalean eta eskolan. Egunotan, azaroaren 20an zehazki, Franco diktadorearen heriotzaren 50. urtemuga bete da. Euskarak 40 urtetako debekua eta jazarpena pairatu zuen, eta diktadoreak bere legatua «lotua, eta ondo lotua» utzi zuenez, hauts horiek lohi hauek ekarri dizkigute. Ikuspegi horrek egiten du ulergarri egungo euskararen aurkako oldarraldi politiko-judiziala.
Gogora ekarri nahi ditut, halaber, bertoko «jakintsuen» (Unamuno, esaterako) arrazoiketa deliranteak (gerra zibilaren aurrekoak). «Ez dago ziri gaiztoagorik, ezpal berekoa baino», dio esaera zaharrak. Bada, gure ezpalekotzak hartuko bagenu bilbotar filosofoa, esaldiak zentzu betea izango luke, haren ziria gaiztoa baino gaiztoagoa baitzen. Ziria bainoago toreatzailearen estokea zirudien harekin euskarari azken zaztada emateko. Euskara ez omen zen hizkuntza kultoa; ezin alderatuzkoa ei zen gazteleraren nagusitasun kulturalarekin. Gazteleraren argitasunaren eta progresoaren aldean, euskeraren helburu jakinik eza, euskerak ez ei zuelako balio pentsamendu modernorako. Euskara modernitatearekiko kontraesan gisara harturik, alboratzera, ahaztera gonbidatuak izan ginen; edo hiltzen uztera. Behin hilda eta erlikia agurgarri bihurtua, zer hobeagorik santuki ehortzi, eta hileta duina eskainiz? Arrazismo eta suprematismo linguistikoaren eredu arbuiagarria; hizkuntza batenganako herra eldarniatsua, errukiz mozorrotua. Alabaina, kulturaren terrorista horiek azkarregi jo zituzten hileta kanpaiak, ezen aspaldi hila beharko lukeen euskara, horien amorrurako, bizirik delako. Euskera bizi da, gure konpromisoak bizirik mantentzen duelako.
Euskara gara. Ez gaitezen lokartu, ordea; ezer ez da nahikoa eta dana da beharrezkoa. Konpromisoak eta ekintzak berresteko unea da. HITZA ekarpen aparta egiten ari da alor horretan.
Eskertuta agurtzen naiz, irakurle, azken bi urte hauetan HITZAk bere proiektuan parte hartzeko aukera eman izanagatik; eta zuekin nire hitzak partekatzeagatik, zuek gabe ezinezkoa delako HITZA; zuek gabe ezinezkoa delako euskara. Euskara gara!