Euskaldun izateaz, harro!!!
Agustin Kardaberatzek, 1761. urtean bere Euskeraren Berri Onak liburuan euskeraren biziraupenaz hauxe inoan:
«…nola Eufquera foll foll, bacarric, edo nic eztaquit nola, biciric aimbefte feculetan egondan, ta dagoen añ berez, ta beregan, añ argui ta garbi, bere erio ta arerio gucien damu gorri gaiftoan badere. Alere, afco egunequi, Eufquera galduda.
Baña ori ezta Eufcararen, ezpada Eufcaldunen defonra: bada oiec poliquiru, apañdu, ta edertu bearrean, lotfaric gabe berac beren naguitafunez itfuftu, larrutu, ta defeguin izandute. Baña, gure Pobrecho on afcoren animac falvatceco, Eufcarac burua jafotcea, Jaincoac naidu: gure Baferrietan gende preftuac dirauten artean, Eufcarac iraungo du. Efan oidana: oiei lepoa ebaqui, edo bicia quendu gabe, Eufcara ecin utci, edo quenduditeque. Jaungoicoaren vorondate jaquiña da». [sic]
Interesgarri begitandu zait Kardaberatzek, duela ia hiru gizaldi euskeraren egoeraz, berak idatzi lez, egindako adierazpenok gogoratzea. Egun ere, Euskeraren erabilpena arauzkotzezko Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea, argitaratu zenetik (EHAA 160 zkia. 1982ko Abenduak 16), ia 40 urte igaro diren arren, zoritxarrez ezin esan daikegu euskeraren erabilerak osasun ona daukanik ezta gutxiagorik ere.
Aipatu legea gorabehera, euskeraren iraupena euskaldunon esku dago. Horretarako, funtsezko eginbeharra, euskeraz gure burua jantzi, aberastu, eta ezagutzaz hornitzean datza. Hau da, euskeraz errukirik gabe irakurri eta jakintzaz gure burua erabat abaildu behar genuke baina, zoritxarrez, horrelakorik urri besterik ez da ematen.
Geure baitan euskeraren ezagutza, erabilera eta gaitasunaz, inkoherentzia eta kontraesan asko azaltzen da eta, ondorioz, lehenbailehen horren kontzientzia jasoa izanik, neurriak hartu beharko lirateke.
Gaitasun urria dago, oro har, euskeraz egoki idazteko, euskeraz oso gutxi irakurtzen denaren seinale. Euskeraz erruz irakurri gabe ezer gutxi egin daiteke. Euskeraren ahozko eta idatzizkoaren kalitatean zer hobetu asko dago, eta bestalde barne adierazpen, sentimendu eta oldozmenak ere zehatz eta zorrotz adierazteko gaitasunik ezak edota erosotasunak eraginda, gaztelerara jotzen da.
Horren harira, maiatzaren 21eko alean, Ainhoa Etxebarriak hauxe zioen: «Erdalduna euskarara erakarri beharrean, euskaldunak hasten dira erdaraz, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtuz eta euskara zubi bat ere badela ahaztuz». Erabat ados. Zoritxarrez, kontzientzia kontua.
Euskera jaiotzatik jakiteak ez du inor euskeraren erabilera egokiaren eta ezagutza sakonaren jakitun egiten. Horretarako denbora asko, ahalegin ugari, zaletasun handia eta etengabe hobetzeko borondate eta ekintza naroak behar dira. Gaztelerari eskainitako adina denbora gutxienez.
Gizakiaren sorkuntzarik garrantzitsuena hizkuntza da, bera baita herri-kulturaren bizkarrezur eta ardatz nagusi. Antza denez ez gara horretaz ohartzen. Historia eta hizkuntza dira edozein nazio-eraikuntzarako funtsezko elementu biak; hizkuntza, funtsezko nortasun-ikur bezala eta historia nortasun horren transmisio bide gisa.
Hizkuntza dugu gizakiaren sorkuntzarik gorena eta herri-kulturaren bihotza, herriaren arima eta muina alegia. Hizkuntza herri-gogoaren adierazpide da. Hizkuntzen jatorria herrien hastapen misteriotsuetan datza. Gurera etorrita, euskera landuz bere muinean sakon dezagun eta batez ere euskaldun izateaz eta euskeraz mintzatzean harro senti gaitezen munduaren aurrean!!