Eskubidea, pribilegio
Gaur duela zortzi urte hartu genuen etxean nire bizitzako erabakirik garrantsitzuena izan den eta seguraski ere, izango omen dena. 2017ko urriaren 24an Bartzelonara bidaiatu nuen, hamasei urte besterik ez nituela, Hego Euskal Herriko haur eta nerabeen psikiatria unitate guztietatik pasa eta baliabide guztiak agortu eta gero.
Kataluniako Maresme eskualdeko Argentona herriko klinika batean ingresatu nuen egun hartan, elikadura desorekak artatzeko unitate terapeutiko pribatu batean zehazki. Bertan igaro nituen hurrengo hilabeteak eta guztiz osatu ez, baina anorexia nerbioso murriztatzailea apur bat atzean utzi nuen.
Zorteduna sentitzen naiz, oso, pribilegio bat baita, izan beharko ez lukeen arren, gurasoek hara bidaltzeko aukera eduki izatea. Ez lukeela izan beharko diot, osasun publikoak bermatu behar dituelako horrelako estantziak. Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema kasuistika konplexuko norbanakoak artatzeko gai ez bada, deribazioez arduratu eta kargu egin beharko litzatekeela deritzot.
Aldiz, 2020an, eskola aseguruari dagozkion diru sarrerak pandemiari aurre egiteko bideratu zituzten. Ulertu nezake egoera ez zela aurreikustekoa bezalakoa, baina jakin badakigu orduan pairatu zituztela askok eta askok buruko gaixotasunak, eta elikadura desoreka kasuek, zehazki, sekulako gorakada jasan zutela.
Hortaz, osasun mentalaren izenean ahoa betetzea ez zait egokia iruditzen, batez ere 2023an, hau da, hiru urte beranduago, eskola aseguru hau, tratamendu pribatuen portzentai bat ordaintzea ahalbidetzen duena aktibatu gabe zutenean.
Jakin badakit urteak igaro direla geroztik, eta nahi dut pentsa gauzek okerrera egin ez dutela. Hobetzeko tartea izan dutela uste dut, eta aurrerapenak egin direla pentsa nahi ere bai. Hala ere, ospitale askok, hemen eta mugez haratago, oraindik ez dute terapia integratu euren egunerokotasunean.
Ingresuak IMC deritzon faktoreak baldintzatzen jarraitzen du. Pisua aski baxua ez bada, ez zaituzte ingresatzen, elikadura nahasmendua pairatzen duenari esanez bezala ez duela nahi adina pisu galdu. Elikadura arazo hauek elikadurari soilik eragiten diotela nolabait sinestaraziz. Ahaztuz, osasun mentaleko arazoak direla.
Akaso hilzorian egon behar du norbanakoak, osasun sistema publikoan artatu zaitzaten? Honek, gainera, elikadura desoreken artean anorexia bultzatzen du, gaixotasun mota hauen artean mirestuena. Pairatzen ari dena gai baita gose izan arren, ez jaten. Nekatuta aurkitu arren, kirola egitera norbere burua behartzen. Ez dira, besteak beste, bulimia edo betekada nahasmendua larriak eta ez dute hauek pairatzen dituztenek artatuak izateko eskubidea?
Psikologoak behar dira, psikologoak psikiatria unitateetan. Eta erabaki medikoak hartzerako unean, gaixotasun hauek eragiten dituzten faktore sozialak berrikusteak berebiziko garrantzia duela deritzot, faktore biologiko eta fisikoez haratago jardutea, alegia. Medikazio psikiatrikoa, antsiolitiko eta antidepresiboak, besteak beste, aukera lagungarria izatea, eta ez terapiaren ordezko. Kontentzio mekanikoaren erabilera deuseztatzea beharrezko, praktika abusiboa baita, oso. Honen erabilera murriztea ez baita nahikoa.