Eskualdeko paisaia karstikoa
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritar askoren «zuhaitza» duela 120-100 milioi urteko arroken gainean dago landatuta. Arroka horietako asko kareharriak dira, eta garai horretako (Kretazeo) itsas tropikalaren aztarnez (koral eta errudista fosilez) horniturik daude. Lekeition, Markinan, Mutrikun, Busturialdean, eskualdeko inguru askotan barra-barra ditugu kareharri hauek (2023/3/30). Itsaspean sortutako material hauek, duela 40 milioi urte inguru airepean geratu ziren eta ordutik mendietan, bailaretan edota itsasertzeko lurmuturretan azaltzen diren kareharri hauen gainazala edo barnealdea euri-urak disolbatu egin du, eskualdea paisaia karstiko desberdinez jantziz.
Karst edo paisaia karstikoa kareharria ur gezarekin eta materia organikoarekin kontaktuan jarri eta ur azidoak arroka hau disolbatzen duenean sortzen da. Prozesu horretan, kareharriaren gainazala eta barnealdea arraildura eta zuloz betetzen da. Inoiz entzun duzue lenar edo lapiaz hitza? Edo polje edo dolina? Edo karst pinakularra? Kareharriaren gainazalean sortzen diren forma geologikoak dira eta exokarst bezala ezagutzen dira.
Kareharrien gainazalean azal daitezkeen gailur zorrotzez bereizitako ildaska sakon eta irregularrak dira lenar edo lapiaz. Dolinak kareharriaren gainazalean sortzen diren sakonune itxi eta zirkularrak dira. Hauetako asko dauden lekuetan, elkarrekin batu eta sakonune itxi handiak sortzen dituzte, poljeak. Kono itxurako mendi eta sakonune txikien lerrokadurak pinakulu erako karstak eratzen dituzte.
Adibide ugari daude gure eskualdean eta balore natural handikoak batzuk, gainera, adibidez, Olatz Poljea edo Deba-Mutriku inguruko pinakulu erako karsta. Eskualdetik kanpo, Urbia, Aralar, Anboto, Itxina, Pagasarri, Larra… leku askotan ikus daitezke lenar eta dolinak ere. Kareharri barnera iragazitako urak barnealdean arraildura eta zuloz osatutako endokarsta sortzen du, leize, galeria, kobazulo, iturburu etabar bereiziz. ZETAK eta NEOMAK-en EGUZKILORE abestian protagonista den Anbotoko edo Aralarko damaren koba ere karstifikazio prozesu honi esker sortu da. Gure historiaurreko ondare-artxibo ugari ere Kretazeoko kareharrri honen baitan daude gordeta (2023/7/6).
Arrokak disolbatu ez ezik, apurtu eta zatiak beste leku batzuetara garraiatu daitezke, beste paisaia geomorfologiko batzuk sortuz, itsasertzean (olatu eta mareen bidez), mendi eta bailaretan (ibai, glaziar edo harri-irristadura bidez) edo basamortuetan (haizearen eraginez). Beste paisaia geomorfologiko hauek, ordea, hurrengo testuan aztertuko dira.