ESKERRIK ASKO OSPA!
Bukaerak saihestezinak dira. Bakoitzak daki noiz eta zergatik bukatzen duen noizbait hasitakoa. Edo, soilki, halabeharrak inposatzen du epe bat, azalpenak eta pena azalak baztertuta. Bukaerek, baina, aho zapore gazi-gozoa dakarte. Digeritzeko zaila izanik ere, haragi gordinak betidanik utzi izan du urdailean arrastorik.
Agur esan dio Gernikari Ospak. Hamabost urte eta gero, ukabilak itxi ditugu ukabildun pertsiana muturren aurrean zarratu zaigunean.
“Taberna bat baino ez” pentsatu dezake zenbaitek. Gauzak, direnetik harago hautemateko zailtasunak ditugu batzuetan. Poteoetako elkarguneak dekorazio berdin-berdinez eta musika algoritmikoz hornitu dizkiguten garaiotan, asko da ospa egiteko hautua bera.
Taberna bainoago, arnasgunea izan da Ospa. Gaua. Isolamendua. Izerdia. Jendearekin egon eta jendeaz gozatzeko bidea. Kea. Garagarra. Zuloan sartu eta zuloan galtzea.
Ospa musika izan da. Pegatinak. Tatuaiak. Perkele. A Clockwork Orange. Punk mugimendua. Kontrakultura izan da Ospa. Kultura, alegia.
Izan da edanleku bezain egarri. Harrera. Zaintza. Sanda. Tito. Mila.
Ospa euskara izan da. Euskaraz izan da Ospa.
Negu hegemonikoan hotz garen piztion babesleku. Nortasun. Ospakizun.
Kalifikatzaileen zerrenda luzea da oso. Bezeroak ostalariari zor dion errespetutik, hitz ugari nahasten dira miresmenean eta ez da erraza guzti hori errotik etetea.
Bukaerak saihestezinak dira, bai. Umezurtz uzten gaituzte oharkabean. Irakaspenak atera beharra alferrik izaten da maiz. Asimilatu eta aurrera. Badaukate, agian, baltsamotik bukaerek. Gordinkeriak gordinkeria, haragi gosez jarraituko du gure herriak, hasiera berriak noiz helduko zain.
Eskerrik asko Ospa!