ENB
2021eko errenta aitorpenarekin batera arreta zuzena berreskuratu da. Hosting, streaming, cookies, hashtag, jakinarazpen elektronikoa eta horrelako termino berriak aurrera egin ahala aurrez aurre genituen momentu horiek galduz joan dira. Eta zoritxarrez, askotan, haizeak daramana bueltan ez dator. Azken lau hamarkadetan gizarteak elkar komunikazioan aurreratutakoa agerian dago. Denbora asko aurreztu da tramiteak egiteko orduan adibidez. Halere, hartu-eman fisiko horretan informazio asko lortzen da eta, nola ez, bai ala bai, gauzak egiteko era hau mantendu eta indartu beharra dago.
Modernizatzeko dugun irrikaren sukarrak jota ere, baserri munduko nekazal zein mendi tramiteak egiteko Eskualdeko Nekazal Bulegoak, Gertu izendaturiko bulego berriek fagozitatu dituzte. Ñam ñam! Foru Aldundia zein beste erakunde publiko batzuentzako egin beharreko eskabide, kontsulta, alegazio edo beste edonolako agiriak aurkezteko bulego integratu, berri eta aitzindariak zabaltzea pentsatu da. Gauza ona, alegia. Baina etxe aldaketa denetan bezala, nekazal giro beroa sortzen duen beko sua galtzeko arriskuan gaude.
PC, computer, teams, jitsi eta beste hauek ezin dute nekazal bulegoko langileen lana ordezkatu. Seguruenik, Korrikaren metaversoa sortuko bagenu 2.000 kilometrotik askoz goragoko ibilbidea burutzea lortuko genuke. Baina, Korrika ez zen gauza bera izango. Izerdiz blai egiten dena gehiago gozatzen, sentitzen eta ulertzen delako. Pertsonek eratzen dute etxe baten giro bero zein hotza. Horrek baldintzatzen du nor eta zer garen.
Zorionez, bulego berri hauetara salto egingo duten haiek, lehengo nekazal bulegoetan zeuden asko izango dira. Horrek, informatikako aurrerapenekin talka egingo du. Gatazka horretan, nortasuna gailentzea espero dugu denok, izan ere, nekazal bulegoetako arreta zuzenaren funtsa mantentzea denon onerako izango da eta.
Esaldi batean, baserriek, baserritarrek eta landa eremuak hitzordu bat baino besarkada bero baten beharra dutelako. Hala izan dadila!