Elkar zainduz arriskutsuak gara
Pozik onartu nuen HITZAren gonbidapena zutabegile gisa aritzeko hurrengo bi urteetan. Sei astetik behin nire hausnarketak eta bizipenak zuekin konpartituko ditut, eta espero gustukoak izatea.
2022ko abenduaren 18an goizeko zazpirak laurden gutxitan Aulestitik Iruñera abiatu ginen bost bertsozale Seat Leon zuri batean. Bederatzirak laurden gutxiagotarako Navarra Arenan geunden –nahiago nuke Nafarroa Plaza deituko balitz–. Kotxea aparkatzen peto gorridun bolondresek lagundu ziguten; han zeuden heldu eta segidan geu zaintzeko. Kotxetik jaitsi, berokia jantzi (gradu bakarra kanpoan), Sadar estadioa zeharkatu
–edozein unetan Jagoba Arrasate edo Oier Sanjurjo ikusiko nituela zirudien– eta sabeleko kilimek eraginda, gu bezala goizean goiz mugitutako beste hainbat euskaltzalerekin batera ilaran jarri ginen (hala dio Sarriren letra daraman Ruperren abestiak: «jendea ilaran biharkoaz axolik gabe»). Ilaran aurrekoak irribarrea, atzekoak begirada konplizea eta urrunagoko petodunak eupada (aulestiarrak ere bolondres lanetan), denok elkar zainduz.
Bederatzirak eta laurdenetarako Nafarroa Plazako Pista-n nengoen. Erosoena zirudien aulkia aukeratu –behiak jezteko ez luke balioko–, eta kafesne baten bila joan nintzen. Tamalez ezin kafesnea euskaraz eskatu –herabe, grabe, hitzik gabe eta barraren beste aldekoa jabe–. Kafesnea eskuetan nuela pentsakor bueltatu nintzen Pista-ko aulkira –erdera eta euskera noizko parez pare?–. Hamaiketarako oraindik ordubete luze, hirurogei minutu Txapelketa Nagusiko sintoniak finalari hasiera emateko. Aulkitik inguruari so gelditu nintzen tarte batean. Harmailak eguneko zortzi protagonistak zaintzeko pankartaz josita («Zure antiju morikin, gure txapela zukin», «Zu zarelako gaur adibide, bizitzen dena dela posible», «Bukatu gabeko herri huntan, ametsak egia bihurtu», …). Aurre eta atzeak jendez betetzen gutxinaka, soinu eta irudi probak eginez megafonia eta pantailetan, eta forma eta kolore ezberdinetako euskarak nire belarrietan. Gutasun baten parte nintzela sentitzen nuen, batak bestea zainduz.
Hara non, aldamenetik pertsona bat esaldi hau idatzita zeraman kamiseta morea jantzita: Elkar zainduz arriskutsuagoak gara. Miren Artetxek 2021eko Xilabako finaleko bertsoetako batean aipatu zuen: «minoria arriskutsu bakarra aberatsena da», baina Nafarroa Plaza-n minoria den hizkuntza batean mintzo ginen maioria geunden elkar zainduz. Bai Mirenek aipatutakoa eta baita kamiseta moreko esaldia ere egia borobilak dira. Hori da hasi berri dugun urteari eskatu nahi diodana: euskaraz elkar zaintzea.