Ekosistema-zerbitzuen barne 'harkaitza' ere badago
Txorietatik erdi gordea
dauka zuhaitzak hosto berdea
Zela, gela, igelata
bestela, hau bezela,
gorderik dago mendi azpian
harkaitza
Mikel Markez kantautorearen Harkaitza abestiko hitzak dira goikoak. Ez da erraza, bere kantuen egile eta musikaria den maisu handi honen abesti bat aukeratzea, baina gaur hautatutakoak testu honetako aldarrikapenerako hitz sorta aproposak ditu. Gainera, abestia Euskal Herriko musika-tresna tradizional askorekin lagunduta doa eta bere erritmo alaia entzuteko gogoa piztu zait idatzi bitartean.
Naturaz gozatzeko eta honen kudeaketarako, abestian aipatzen diren ekosistemetako elementuez gain, gorderik mendi azpian dagoen harkaitza edo arroka ere, dibertsitate naturalaren elementu garrantzitsu bat dela ikusi genuen. Aurtengo iritzi artikuluetan ere, arrokek eskeitzen digutenaz arituko gara, eta Gary S. Snyder poetaren Nature is not a place to visit. It is home aipamen honetan sartuko da, biodibertsitatearekin batera, eskualdeko geodibertsitatea ere.
Edward O. Wilson biologoak aurkeztu zuen biofilia kontzeptuaren barne kokatzen dut baita ere abestiko harkaitza. Naturarekiko maitasuna edo gizaki egiten gaituena da biofilia; hau da, gizakiok naturarekin eta beste bizidunekin harremanetan egoteko daukagun behar emozional sakona da. Guztiz ados nago honekin. Naturaren parte sentitzeko beharra dugu, gure etxea baita Snyder jaunak dioen bezala. Gure hiri eta zibilizazioei begiratu bestela. Ez dago bakarra ere aisialdi gune berde edo parkez hornituta ez dagoenik, eta guztiok sentitzen dugu bertaratzeko beharra. Hau horrela, ez dut ulertzen gizateriaren ongizaterako naturak eskeitzen dituen funtsezko baliabideen edo ekosistema-zerbitzuen ikuspegi komertzial hutsa hartzen duten erabaki politikoak. Naturatik interesatzen zaizkigun bakarrak ura, energia, sendagaiak, klimaren erregulazioa, ur-arazketa eta halako etekinak al dira ba? Ekosistema-zerbitzuen artean ez al da sartzen ere kultura zerbitzuak? Bertan sartuko litzateke daukagun naturako parte izatearen behar hori.
Bestalde, nahiz eta substratu geologikoak gure inguruko paisaia edo erliebea modelatu, atmosferarekin eta hidrosferarekin elkarreragin eta biodibertsitateari oinarria edo sostengua jarri, geosistema-zerbitzu horietan ahaztuta geratzen da. Hurrengo testuen helburua izango da geosistema zerbitzu horien berri ematea, eta, batez ere, gure eskualdeko harkaitzek eskeintzen duten biofilia sentimentua zabaltzen jarraitzea.