Diskurtsoen perbertsioa
Orain dela urtebete edo, zutabe honen harira, giza eskubideen inguruko gogoeta bat egin nuen, nire ustetan kontraesan bat bezala uler genezakeena azpimarratuz: bere eskubideekin ahoa betetzen dutenek sistema honetan pribilegio gehien dituzten pertsonak izan ohi direla, alegia.
Bada, diskurtsoen erabilera kontrajarri honen joera giza eskubideetatik haratago doala ohartu naiz. Soziokonstrukzionismo eta posmodernitatearen kasuan, hauen perbertsioari buruz hitz egin ohi dugu: hau da, gizatasunari orokorrean lagungarri izan nahi dioten diskurtso eta balio batzuk une jakin batetan norberaren ongizatea bermatzeko erabiltzea eta ondoren, hauek aitortzen dutenaz ahaztea, baldin eta norberaren onerako ez bada.
Esaterako, bere alaba euskal dantzen egun euritsuan gonarekin baino, prakekin jantzi nahi duen ama, alaba gaixotuko den beldur delako. Eskolak, ohiturak eta tradizioa aintzat hartuta, ez du onartzen. Ama orduan genero diskurtsoarekin gogoratzen da eta bere desadostasuna hau erabiliz justifikatzen du.
Edo honako beste egoera hau: errepideko gida arauei fideltasuna galduta, baina istripurik ez sortzeko behar beste prebentzio neurri hartuta, semaforo bat gorri dagoela, oinezkoentzako pasabidea igarotzen duen txirrindulari bat. Bere atzean, semaforoa berde jarri arte zain gelditu behar den kotxeko gizonak klaxona jotzen du gogor. Behin bera ere martxan jarrita ezin du txirrindularia gainditu 50 bat metrotan, bidea, zati horretan larregi estutzen delako. Bizikletan doana pasatzeko aukera duenean, ordea, azeleragailua zanpatu eta bere alboan jartzen da, errepidetik doanean bertako arauak bete behar dituela oihukatzeko. Ehun metro beranduago berriro ere aurkitzen dira antzeko egoera batetan: semaforo gorria, kotxe gidaria geldi eta bizikletadunak, kontuz-kontuz, oinezkorik ez datorrela egiaztatuz, aurrera jarraitu nahian. Autokoak, orduan, ez du dudarik eta kotxea txirrindularia datorren alderantz mugitzen du. Ozta-ozta ez du harrapatzen!
Badirudi errepideko legeak era tematian zaintzen dituztenek ere inoiz diskurtso hori ahaztu edota diskurtso horren aurka egiteko prest daudela… Hein handi batetan, badirudi baita oso zaila dela diskurtso bakar bati fidel mantentzea egoera guztietan… Azkenik, eta agian bertatik hasteko bezalako garrantziarekin, denetatik zailena dirudiena norbaiten diskurtsoen erabilpena kanpotik epaitzea da.