Datak eta datuak
E.H. Gombrich arte historialariak honako esaldi hau utzi zuen idatzita XX. mendearen erdialdean: «Datak ezinbesteko iltzeak dira historiaren tapiza eskegitzeko». Horrek data bat eta historiaren atal bat ekarri dit gogora: 2003ko otsaila, hain zuzen ere. NBEtako Segurtasun Kontseiluko gelan eskegita duten tapiza (Guernicaren erreprodukzioa) estali egin zuten une batez Iraken inbasioa iragartzen ari ziren bitartean. Mendebaldeko gizartea datu faltsuez inbaditu zuten, pentsamendua kolonizatzeko asmoz.
Harrezkero, daten segidak abiadura ikaragarria hartu du (burtsaren balioen datuak izango balira bezala). Bizitzaren zurrunbiloan datak, datu bihurtuta, merkatu kapitalistaren biktima dira. Datak eta datuak elkar zapaltzen dira, eta, ondorioz, haietako batzuk oharkabean pasatzen zaizkigu. Arreta jartzeko astirik gabe, sarri, nagusi den botere-sistemak distrakzio estrategiak sortzen ditu hausnarketarako, kritikarako betarik izan ez dezagun. Historiaren tapizaren diseinua, zoritxarrez, ez da itxura onik hartzen ari.
Gertaerek bizitza efimeroa eta iraungitze-data kalkulatua dute. Berehala zaharkituta eta, tipularen antzera, geruza bat bestearen gainean elkar zapaltzen dira. Azken bost urteak adibide gisa hartuz gero, hauxe litzateke panorama: COVID-19 pandemiak utzitako arrastoa desagertzeko dagoelarik, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra hasten da (otsailean beteko dira bi urte) milaka hildako utziz; Pablo Gonzalez kazetariak bi urte daramatza preso Polonian epaitua izan barik; Palestinaren aurkako genozidio-krimen lotsagarria telebisatzen ari dira; Urkullu bota egin egin dute; Urdaibaiko Guggenheim proiektuak balazta zapaldu du; langile bat hil da lan-istripuz; gizon batek emakume bat hil du… Zerrenda luzeegia da lerro hauetara osorik ekartzeko.
Datuak, informazioa, nornahirenak eta zernahitarako, debekualdirik gabeko ehizan. Datuak datuen gainean narrazioa, errelatoa osatu, barneratu eta partekatzeko betarik gabe. Historia, ordea, tematia da, eta ez da hain erraz bezatzen uzten. Gure historiaren tapiza geuk kontatutako istorioekin josi behar dugu. Horretarako, istorioetan arakatu behar dugu, gertaerak atxikituz eta lotuz, narraziorik gabe memoriarik ez dagoelako; memoriarik gabe herririk ez dagoelako.
Daten eta datuen dantza ero honetan, gurea bezalako nazio txikiak ezin gara geldirik egon. Indiferentziak eta inakzioak sistema harrapari honen ehizaki bihurtzen gaitu. Beraz, biziraupen kontua dugu. Bakoitzak apur bat eginez, asko lor genezake, bakoitzak bere istorioak kontatuz sistema borrokatu dezakegulako. Historiaren tapiza geuk diseinatu eta josi behar dugu, geruzak altxatuz, bistaratuz, nahiz eta tipulek bezala negar eginarazi.