Irakurle, testu hau irakurri baino lehen egin ezazu ariketa labur bat: pentsatu gure eskualdea zergatik izan den albiste azken hilabeteetan. Ura ekartzera etorri den itsasontziaren irudia eta hilabete batzuetan bakarrik zabalik egongo omen den museoaren inguruan instituzioen artean izandako eztabaida etorri zaizkizu burura zuri ere, ezta?
Anekdotikoa iruditu daiteke gure eskualdea horrelako proposamenengatik bakarrik albiste izatea baina, tamalez, Busturialderako gaur egun dagoen proiekzioaren isla baino ez da. Arazoei adabakiekin erantzuten dion epe laburreko estrategia da gaur egun Busturialdean aplikatzen dena. Eta hori ez da albiste ona.
Izan ere, ez dizut ezer berririk esango eskualdea sozioekonomikoki gainbeheran dagoela esaten badizut. Enplegua geldirik dago aspaldidanik, industriak pisua galdu du, gazteen langabezia oso kezkagarria da, eta milaka pertsona eskualdetik kanpo atera behar dira lanera.
Hortaz, beharrezkoa da eskualdean kalitatezko lana bultzatzea eta ezinbestekoa da Busturialdean bizi den jendearen beharrizanei proiektu serioekin erantzutea eta ez adabaki itxura daukaten neurriekin. Eta hori ez da lortzen hilabete batzuetan bakarrik zabalik egongo den museo batekin, turismoari bakarrik begiratzen dion lan-politika batekin edota uraren kudeaketa pribatizatuz eta azpiegituretan inbertitu beharrean inprobisazioan oinarritutako erabakiak hartuz.
Baina testu hau ez dadila izan ezkortasunean edo izan ahalko zenaren sentsazioan kateatua geratzeko idatzia. Etorkizunera baikortasunez begiratu behar dugu. Garena eta daukaguna indargune aproposak dira, eta horien artean biosfera erreserbak, gure berezitasun nabarmena izanik, garapen jasangarrirako zutabeetan (ura, elikadura, energia, biodibertsitatea eta osasunean) aukera argiak eskaintzen dizkigu, eta horiek aprobetxatzen asmatu beharko genuke. Posible delako gure ingurumena babestea eta era berean berton bizitzea, berton elikatzea eta berton lan egitea.
Izan ere, Busturialdeak arnas luzeko begirada eta hausnarketa behar ditu. Busturialdea ez delako hilabete batzuetan bakarrik «zabalik» dagoen eskualdea; Busturialdea urte osoan bizirik dagoen eskualdea delako.