Bost abesti lorpen bati
«Urdaibai saltzen dauz» abesten du Txoriburuk. Ez da harritzekoa. Gure inguruko etxe-aurreetara begirada zuzenduta, nonahi ikusi litezke SALGAI letra belzdun kartel laranjak. Modan jarri da saltzea dirudienez. Kontuz ibili beharra dago, hori bai, behin paisaiak saltzen hasita, kea saltzen amaitu litekeelako. Kartelok ez dira bakarrak gure ingurumarian. VT edo AT ere irakurtzen da aspaldion. Bermeon 923 pisutik 230 etxebizitza turistikoak dira. Ez da gutxi: Bizkaiko bigarrenak hazaña horren lorpenean. Bitartean, gazteak, gurasoen etxetik atera ezinda, lan prekarioetan zein langabezi egoeran. Baina, es el mercado amigo, eta hemen saldu egin behar da. Saldu etengabe. Saldu kanpokoei. Nago, martxa honetan, arima ere salduko ez ote dugun Instagrameko argazki kuki baten truke.
Testuinguru horren baitan, Gozategiren «Welcome Of Beach» etorri lekioke edozeini burura. Paradoxa mardula planteatzen du kantak: «bizitzeko ederregi zarelako, ezin zara libre bizi». Badirudi, merkantilizazioaren arootan, dena dela ustiagarri, eta esan izan da hotel zein aberats kanpotarrak lursailak haienganatzen hasi direla gure lurretan. Aitortu dezadan: nik ez dakit oso ondo zein izan behar den eskualdearen datozen urteetako bidea. Dagoen industria apurra ez dago bere unerik onenean; Gernikan, adibidez, herritik kanpo egiten dute lan herritar gehienek; geografikoki ere, baliteke, garraiobideentzako lekurik egokienean kokatuta ez egotea Busturialdea. Badaukagu, baina, lehen sektorearen eraberritze garrantzitsu bat, energia jasangarriei bide ematen hasteko ahalmena, teknologia berriek eskaintzen dituzten bideak, poligono handiak zerotik kultur proiektuak sortzeko gaitasunez…. Dena den, zer nahi dugun guztiz jakin ez bagenekien ere, zer ez genuen nahi argi eduki izan dugu beti. 2008an entzuten ziren makroproiektu beraren zurrumurruek, berriz, gugan oihartzun egin zuten, 2022 inguruan. Hala ere, denok egin genuen bat, Gozategiren hitzek nola, libre bizitzearen hautuarekin.
Aldaketa bat zetorren Busturialdera. «Cambia, todo cambia» bizitza honetan, Mercedes Sosaren arabera. Aldaketa eta eraberritzea bi kontzeptu positibo izan daitezke, betiere, aldaketa hori kontzienteki eta onura kolektibo baten bila egiten bada. Guggenheim proiektuak ez zien inguruetako kultur beharrizanei erantzuten, gutxi batzuen diru goseari baizik. Herri eta kultur eragile asko dago gurean, badakiena artea eta kultura zaintzen. Eskualdean gune autogestionatu indartsuak ditugu, instituzioetatik sekula balorean jarri gabeak, era guztietako sorkuntza adierazpideei lekua eskaintzen dietenak urtez urte. Museo txikiak ditugu, auzo taldeak, irabazi asmorik gabeko elkarteak… Aldaketa bat ez da eredu oso bat errotik aldatu, dena suntsitu eta joatea. Aldaketa, dagoena zaintzea ere izan daiteke eta ez dagoenari bide ematea, espazio berriak sortuz (herritarren erabakitze eta parte hartze zuzenarekin). Txikitik ere joan daiteke handira. «Y lo que cambió ayer/ tendrá que cambiar mañana».
«Lo que le pasó a Hawaii» gertatu zitekeen hemen ere. Bad Bunnyk, maitale bati abesten dio bere azken diskoan. Bihotzetik, garroak lez, ateratako adarrei helduta biluzten du barrena. Bihotz horrek badu izen bat zabal tatuatuta: bere sorterri Puerto Rico. Gurean, ekologismoaren izenean eskatu ziren Next Generation laguntzetara xoxak, lehendik bazegoen berdeari berde gehiago ezarri nahian edo. Biosfera erdian museo erraldoi bat, palafitoak, animalien eta landarediaren zapalketa… Dirua ekarriko duela entzun behar izan genuen. Dirua norentzat? Ze kostutan?. Turismo basati bat da ekarriko zukeena, hotelak eta espekulatzaileak. Eta batzuk datozenean, beste batzuk badoaz. Ekonomikoki eta ekologikoki bizigarria ez den herritik, herritarrak botatzen badira, ez dago herririk. «Quieren quitarme el río/ y también la playa/ Quieren al barrio mío/ y que abuelita se vaya». Guk ere ez diogu desio gure maitaleari Donostiari gertatu zitzaiona gertatzerik.
Lurdes Iriondok bazekien borrokatzea zer zen. Berea babesteko abesten zuen, aldarrikatzeko aldarri egin. Inork ez zigun galdetu gure eskualdea galbidera norabidetuko lukeen makroproiektu bat nahi ote genuen. Guggenheim Urdaibai Stop plataformari eskerrak, kaleak hartu genituen herritarrok eta kontzentrazio, protesta eta kazeroladetan borrokatu; 2024ko urriaren 19ko manifestazio jendetsua tarteko. Dena erabakita zegoenean otu zitzaien agintariei guri galdetzea. Beranduegi. Herriak irabazi du, eta beltz irudikatu diguten etorkizuna guk geuk erabakiko dugu. Arrazoi zenuen, Lurdes, bagabiltza, eta bagabiltzalako gaude hain zikin, hain neke…. hala ere, hau gure lurra da, gure etxe bakarra. Guk abestuko dugu hemen.*
*Txoriburu – Urdaibai Saltzen Dauz
Gozategi – Welcome Of Beach
Mercedes Sosa – Todo Cambia
Bad Bunny – Lo que le pasó a Hawaii
Lurdes Iriondo – Hala ere