Bi hamarkada
«2005eko abenduaren 24ko goizaldeko 05:00ak dira. Espekulazioak eta zurrumurru guztiak gaindituta, hirurogei lagun ari dira Gernikako Astra arma fabrika okupatzen».
Berri horrekin izartu zen Gernika: Astra okupatua izan da.
Orduan bi urte besterik ez nituen, herriaren kezkari erantzunez, eta espazio huts bati bizia, militantzia eta poztasuna emateko asmoz, Gernikako Gazte Asanbladako kideek Astra okupatu zutenean. Errez esaten dira, bai. Hamar, hogei… bi hamarkada. Arin pasatu dira, bai. Baina zenbat bizipen, eztabaida, negar eta barre, zenbat kontzertu, mahai-inguru eta tailer daude horren atzean? Zenbat dira urte hauetan Gernikako militanteek sortutako oroitzapen ahaztezinak?
Autogestiotik, parte hartzetik, elkarlanetik, konpromisotik eta militantziatik eraikitako espazio feminista, euskaltzalea eta antiarrazista da. Izan ere, ez da soilik koloretako horma eta teilatuz osatutako eraikin bat: komunitate zabal baten proiektu kolektiboa da, eguneroko ekintzetatik elikatzen dena. Are gehiago, herriaren erdigunean kokatzen den espazioa da. Eta hain zuzen ere, herriaren erdigunean egoteak eman dio bere esanahia. Horregatik esaten dugu Astra izan zela, dela eta izango dela beti Gernikaren erreferentzia. Astra Gernike delako, eta Gernike Astra delako.
Hori gutxi balitz, gaur egun bizi dugun kapitalismo basatiaren aurrean, Astra moduko espazioek alternatiba erreala eskaintzen dute. Bestelako mundu bat praktikara eramatea lortu dute, egunerokoan eta kolektibotasunean oinarrituta. Horregatik, ezinbestekoa da horrelako espazioa defendatzen eta babesten jarraitzea. Eta noski, ezin aipatu gabe utzi Errota, Kiñu eta Euskal Herriko beste hainbat gaztetxe bizitzen ari diren desalojo arriskuen aurrean, elkartasuna eta maitasuna adieraztea.
Bi hamarkada luze hauetan egindako lanak bere ospakizuna behar du. Izan ere, ez gara nostalgiaren tristuran eroriko: Astrak erakutsi digu espazio batek ez duela irauten hormek eusten diotelako, baizik eta pertsonen amets eta konpromisoei esker irauten dutela.
Amaitzeko, Dabid zauden lekuan zaudela, hitz hauek ere zuretzat dira: eskerrik asko herria egiteagatik. Eskerrik asko erakutsitako guztiagatik.
ZU BARIK EZ DAU! Horregaitzik, eingu eta eingogu!
Astrak hogei urte bete dituen arren, beste hogei ospatu behar ditugulako.
Zugaitzik.