Berri faltsuak
Gaurko zutaberako Kenneth J. Gergen-en iritzi artikulu bat nolabait itzultzea erabaki dut, bere onespenarekin, pil-pilean dagoen gai bat delako:
«Egia, gezurra eta joerak bezalako gaiak gaur egungo bizitza politikoa eta berrien inguruko mundua inguratzen dute. Haserretu egiten gara figura publikoak gezurra esaten dutela ematen duenean, berriak joera subjektiboz beteta egoteak kezkatu egiten gaitu eta guztiz arduratuta aztertzen ditugu arlo digitalean topatzen ditugun informazioak balizkoak edo faltsuak ote diren jakiteko. Guzti honek nolabaiteko ezinegona dakar, eramangarria den gizarte batekiko konfiantza erabakitzen baitu. Egia gezurretik, norbanakoen edo talde joerak neutralitatetik, faltsukeriak errealitatetik bereizi ezin baditugu, ezin dugu arrazoiaz jokatu».
Guzti honek soziokonstrukzionismoarentzat erronka ederra suposatzen du. Izan ere, soziokonstrukzionismoaren esanetan ematen ditugun deskribapen eta azalpenak ez dira berez deskribatzen edo azaltzen dugun horren eskaera batetik ondorioztatzen. Hau da, era asko daude gauza bat deskribatzeko edo azaltzeko eta ikuspegi batetatik egia dena, eragin subjektiborik ez duena, beste batetik ez da guztiz horrela. Ideia honek askatasunez eta sormenez bete gaitu askori. Tradizioei lotuta ez gaudela erakutsi digu, hauek ere eztabaidara irekita daudelarik. Ulertzeko era berriak asmatzera eraman gaitu, baita eramangarriagoak, harmonikoagoak, bateragarriagoak… diren bizitza forma desberdinekin ere.
Hala eta guztiz, konstrukzionismoak proposatzen duen ikuspegi honek erlatibismoaren kritikak jaso izan ditu: «Egiarik ez dagoela esan nahi duzue, denak balio duela?». Lehenik eta behin, honi erantzun behar zaiona zera da: pentsatzeko era edo tradizio bakoitzaren barnean, oso argi bereizi daitekeela egia eta gezurraren artean. Adibidez, gure tradizio honen barruan inork ez luke galdetuko «nire ezkerraldean» edo «hau pozoia da» esaldiekin zer esan nahi dudan. Tradizioaren arauak jarraitzea, hortaz, egia esatea da.
Baina honen ondorioa ez da joeraz betetako albiste batek gezurra esaten duenik. Tradizio baten barruan egitasmo bat deskribatzeko era egoki asko egon daitezke, denak ala denak egiatzat hartzekoak bezalakoak. Euren artean aukeratzeak lehentasun zehatz bat erakusten dute, hau da joera bat. Egunkari batek erabaki politikoen mugei buruz hitz egiten badu eta beste batek erabakiok sortu dituzten emaitza onak azpimarratzen baditu, biak izan dezakete nolabaiteko arrazoia emandako konbentzio, gizarte arau eta adostasunen barnean. Azken finean, bai mugei buruz zein emaitza onei buruz informatzen duen egunkariak ere, nolabaiteko joera ere badu. Informazio guztiek (poesiatik zientziara arte) lehentasunak agertzen dituzte. Horregatik, egunkarien artean aukeratzeak ez du objetibotasunarekin zer ikusirik, norberaren balioekin baizik.