Berdintasunaz
Urte dezente eta Martxoak 8 asko igaro dira hezkuntzan genero desberdintasuna erronka nagusi moduan lantzen danetik. Eta lanketa honen barruan, aparteko garrantzia emon jako beti nesken ahalduntzeari, genero estereotipoen aurka borrokatuz.
Horretarako, arau sozialak gainditu eta zientzian, teknologian, kirolean… nabarmendu diran emakumeen ereduak eskaini jakez EAEko adin guztietako ikasleei.
Hau egiteak, beraien burua mugatzen ez daben erreferente eta ereduak izateak, neskentzako kriston garrantzia dauko, euren buruengan eta dauzkaten gaitasunetan sinestuteko. Honela egiten ez bada, nesken autoestimuan atzerapausoak egiteko arriskua egongo litzeke eta.
Aurreko guztiagaz lotuta be, irakasleok askotan ikasleen aldetik bi portaera guztiz kontrakoak ikusten doguz, helduen artean ere emoten diranak : batetik, nesken ausardia falta, espazio publikoari dagokionean. Ez dabe egokia ikusten beraien presentzia, iritzi eta erabakiekaz betetzeko. Aldiz, mutilek eta gizonek uste dabe hori beraiei dagokiela eta horren arabera jokatzen dabe.
Nire ustez, bi jarrera honek modulatuz, orekatuz, egin behar dogu lan, hau da, nesken ahalduntzeagaz jarraitzea behar-beharrezkoa da, baina mutilak sentsibilitatean eta samurtasunean hezi behar doguz, baita honen kasuan norberaren eta besteen zaintzan be.
Maskulinitatea ezin da ulertu eta erabili bestearen gainetik nagusitasuna erabiltzeko indarragaz, kontrolagaz edota mehatxuekaz. Bada beste maskulinitate eredu bat, samurragoa, presente egon behar dena, eta txiki txikitatik landu behar dana. Horretarako, leku publikoetan (ikastetxe, kale, komunikabideetan…) beste iruditeri bat eskaini behar deutsegu mutileei batez be, besteak jagoten dabezan gizonena, adibidez.
Beste erreferente batzuk be behar dira, alkar laguntzen diran gizonenak eta harremantzeko modu alternatiboak, gozoagoak erabiltzen dabezenenak, hain zuzen be. Azken batean, sare sozialetan saldu gura deuskuezan ereduen kontrakoak.
Laburtuz: garrantzitsua bada neskak ahalduntzea, horrenbesteko garrantzitsua deritzot mutilak sentsibilitatean heztea. Modu horretan bakarrik egin ahalko dogu aurrera, emakume zein gizonentzako gizarte orekatua eta bidezkoa lortu nahi badogu.