Begira-begira
Udaletxetik hur lan egiten duen merkatariak salmahaitik ikusten du egunero Amazoneko banatzailea. Denda zarratu baino hogeita hamar minutu lehenago iristen da herrira; ziur dago lan-ibilbideko azken geltokia dela Lekeitio. Furgoneta itzali, eta hamaika eskari ateratzen ditu kutxatik. Eskuartean hartu, txirrina jo eta «Amazon» dio, zigarroa ahoan duen bitartean. Kutxa guztiz hustu arte aurrera eta atzera ibiltzen da. Herriaren erdigunean banatu beharreko eskari guztiekin hiruzpalau zigarro erre ditzakeela uste du merkatariak. Sarreran duen lanpas berdean du josita begirada, «Herrian bizi, herrian erosi» dioenean; baina, konturatu da inor ez dela dendara sartu egun osoan.
Amaren Amazoneko galtzerdi berriekin batera heldu da abuztuko lehenengo astean iristen den madrildarra. Eguzkia ezkutatuta badago, portuko tabernako mahairik hoberena nahi du berarentzat: terrazako bigarren ilaran jesarriz gero, txakolina eskastu egiten ei da. Seme-alabak lekeitiar lagun-taldearekin batu, eta gurasoak tabernaz taberna ibiltzen dira txikiteoan, zerbitzariei «gracias, adios» erantzuten.
Begiak guztiz itxi zaizkio Awari itsasoaren lasaitasuna sentitzerakoan, bare-bare dago-eta gaur. Bere begi marroietako distiran, «eskerrik asko» irakur daiteke. Senegaletik ihes egin behar izan zuen, inoiz imajinatu ezin zezakeen paradisura. Desiraz begiratzen dio herri txikiari, maiteminduek elkarri begiratzen dioten antzera. Badaki ibilbide berriaren hasiera oztopoz beteta dagoela, eta ez dela erraza izango; baina, talde euskalduna kutsatzen duen erdalduna izan nahi ez duenez, dagoeneko izena eman du herriko euskaltegian.
Desiraz, amorruz, gaiztakeriaz edo harriduraz egin daiteke so. Josuk, herriko ozpinduak, ondo daki zein den bere gustukoena. Metro bat eta hirurogei zentimetro neurtu arren, destainaz begiratzen ditu guztiak. Inoren txutxu-mutxuekin asetzen da, eta ispilurik gabeko etxean bizi dela dirudi; ez da «autokritika» berba agertzen bere hiztegian.
Egun-argi egin orduko kalera irteten direnek, eta San Juaneko afteretik datozen gaupaseroek, edo udan Isuntzako zein Karraspioko hondartzan gora begira etzanda dauden karramarroek, edo herriko bezeroek, edo Amazon Primeko harpidedunek, edo portuko terrazako lehenengo mahaiagatik borrokatuko luketenek, edo lurrean eseri nahiago dutenek, edo autoa marra berdeetan aparkatzeko txarteldunek, edo kanpoko aparkalekuetan aparkatu behar dutenek… itxuratzen dute Lekeitio. Bitxia da nola horren leku txikian horrenbeste bizimodu eta begiratzeko era egon daitezkeen.