Bai geodibertsitateari be
Urte honetako nire azken iritzi artikulua da, eta HITZAri eskerrak eman nahi nizkioke luzatu zidan parte hartzeko gonbidapenagatik. Gure eskualdeko naturarekiko beste begirada bat transmititzen saiatu naiz, eta espero dut zerbait lortu izana. Aurreko testuetako mezua hemen azpimarratuta utzi nahi nuke.
Betaurreko berriak jantzi arte, ez nekien nire begiko Santa Eufemi mendia igotzean ostikoz apartatzen nituen arroka zatiek iraganeko bazter miresgarriak izkutatzen zituztenik. Bertako kareharriek duela 120-100 milioi urteko itsaso tropikalaren aztarnak dituzte, molusku eta koral fosilez beterik baitaude. Arroka berberek, gainera, Lekitxoko Lumentza eta Otoio mendietan dauden artadi kantauriar miresgarriak azaltzea baimentzen dute. Urdaibaira artadi hauek, txoriak edo dunetako landaredia aztertzera hurbiltzen nintzenean ere, ez nintzen kontziente ingurune honetako historia geologikoaren garrantziaz. Horri esker sortu zen Urdaibaiko estuarioa eta, neurri handi batean, bertako biodibertsitatea geodibertsitatearen menpekoa da. Naturaren azterketa eta kudeaketarako, beraz, biosfera eta litosfera (edo substratu geologikoa) bikote bereiztezinak dira.
Ingurumenaren ezagutza eta zaintza beharrizan sozialak bihurtu dira, eta hemen ere geodibertsitatearen ezagutza ezinbestekoa da. Egun bizitzen ari garen negutegi edo berotegi efektua aztertzeko, adibidez, iraganeko antzeko gertaeren berri ematen duten arroka ugari dago Euskal Herrian.
Gure arroketan iraganeko bizitza eta ingurune desberdin askoren instantanea asko daude gordeta, Euskal Herriko bizitza prehistorikoa deritzon seriea ateratzeko modukoa! Serie honetan ohartuko ginateke gure eskualdeak bere historia geologiko gehiena itsaspean egin du-
ela eta iragan urruneko itsaso zaharraren seme-alabak garela; izan ere, substratu itsastar honen gainean hazi dira gure herriak. Kareharrien barrenean sortutako kobazuloetan, gainera, azken gizakiei eta glaziazioari buruzko arrasto paleontologiko eta arkeologikoak aurkitzen dira.
Gizabanakoaren eta gizartearen ongizaterako funtsezko elementu integratzailea bihurtu da paisaia; izan ere, ondare natural eta kulturalaren uztartzailea da. Ba, geodibertsitatea, gure paisaiaren egitura-oinarria da, eskualdeko biodibertsitateari euskarri fisikoa eta gure gizarteari baliabide eta ondasun natural zati handi bat eskeintzen baitizkio. Gure kultura eta nortasuna errotu diren substratuaren jabea ere bada. Bai, beraz, geodibertsitateari be.