
Eta halako zapore gazi-mikatza utzi dit barrenean. Hiri eta herrietako jaiak bukatu dira eta aurten ere emakumeak ezin libre ibili. Ez dakit zer gertatzen zaion gizarte honi, gaixotasun larri baten jabe da, gero eta konbentzimendu handiagoa daukat honetan. Uda honetan eraildako emakumeen kopuruak ere gora egin du. Gaizki ari gara, zertan eze?
Kasualitateak Galeano poeta eta idazle handiarengana eraman nau. Internet bidez bere solasaldi ugarirekin gozatzeko aukera izan dut eta emakumeei buruzko batean gelditu naiz kateatuta eta bertako esaldi batzuk gelditu zaizkit gogoan hiltzatuta; Aristoteles filosofoarentzat emakumeok gizonezko osatugabeak ginen. Santo Tomas de Aquinok berriz, naturaren akatsa ginela zion. Ile luzea eta pentsamendu motza genuela esaten zuenik ere bazen. XIII. mendean erlijio katolikoak debekatu zuen emakumeek elizetan kantatzea, naturaren kontrakoa omen zen. Debekua mende luzez luzatu zen, kode kanoniko batek indargabetu zuen arte. Historian atzerago joanda, Teodora bizantiar enperatrizaren agintean, abortoa eskubidea omen zen, adulterioak ez zuen heriotz zigorrik eta emakumeek ere dibortzio eta herentzia eskubideak zituzten. Alargunak eta umezurtzak babestuta zeuden.
Historiak erakutsi dizkigu izena eta izana zuten emakumeak, baina ia gehienetan itzalean gelditu dira. Galeanoren bidez ere jakin dut, Andeetako herri batean, neska jaioberri batek ukitzen duen lehenengo gauza ehungailua dela, mutiko jaioberri batek berriz, liburu bat. Sant Jordi egunean ere emakumeari larrosa bat oparitzen zaio eta gizonezkoari liburua?
Ugariak dira historian zehar eskeini dizkiguten perlak: «Gizon handi baten atzean emakume handi bat dago». Zeinek ez du esaldi hau entzun? Eta zeinek erabaki zuen emakumeak atzean egon behar zuenik?
Gaurko egunera etorriz eta egunero berriei erreparatuta atzera pausoak gehiago direla ematen du, bestela, irailaren 1eko Berria irakurtzea besterik ez; Malen Aldalurren eta Goizalde Landabasoren lerroak irakurri eta negar egiteko gogoa sartu zait.
Eta aurten ere Irun eta Hondarrabiko alarde parekideek ez dute agintarien babesik izan. Eta herritarrak ere bananduta. Aurrera goaz?