Arnasa
Urte hasierako lehenengo zutabeek beti izaten dute halako optimismorako eta aldaketarako joera bat. Urteari tenorez begiratzeko tartea eskaintzen du, eta aurreko urtetik arrastaka dakarkizun urte kaotiko eta desordenatuari zentzu eta ordena pixka bat emateko helburuarekin apuntatzen zara udal kiroldegira, etxea hustu eta jasotzeko tartea hartzen duzu, eta urte guztirako asteko menua prestatzeari ekiten diozu. Dena den, aurten, gainerako urteetan ez bezalako neke bat nabari dut inguruan. Pandemia mundial baten zurrunbiloan bi urte eramateak ekar dezakeena akaso, edo zuloaren beste aldean argirik ez bistaratzeak, edo normalitate berria zahartzeak, edo bat bateko eta etengabeko protokolo eta erabaki politikoen aldaketa ulergaitzek, edo osasungintza publikoa nola desegiten den ikusteak, edo bakunen kate amaigabeak, edo…
Bizitzak erdigunean jartzeko aldarriekin atera ginen kalera pandemia aurreko martxoaren 8 polemiko hartan. Zaintzaren ardura kolektiboa eta osasungintza publiko, duin eta doakoa aldarrikatu genituen, eta astebeteren buruan etxean sartu gintuzten (teilatupe bat geneukanak behinik behin). Zeinbait irakaspen atera ditugu ordutik: txaloak dirua baino errazagoak direla inbertitzeko; txertoak azkar sortu daitezkeela, baina patenteak ez direla erraz soltatzen; batzuen indartze dosiak beharrezkoagoak direla, besteen beharrezko dosiak baino; debekatu diezaguketela mugitzea, sartzea, jatea, edatea; pasaporteak behar ditugula berriro Europan bidaiatzeko.
Eta bi urteren buruan hemen gaude, ospitaleak gainezka eta baliabiderik gabe. Pasaportea mugikorrean deskargatuta, autokonfinamendu hasieretan autodiagnostikoak egiten, autobajak tramitatzeko. Urteari begira jartzeko hilabetea da urtarrila, eta 2022rako erronkak ez dira makalak izango. Publikoa, duina eta doakoa izan behar du osasungintza publikoak (eta bide batez, baita hezkuntzak ere).
Eman dugu izena kiroldegian, osatu ditugu urteko ordutegiak, eta antolatu asteko menuak. Baina burumakur jarraitzen dugu. Beldurra dute batzuk, nekea besteek, haserrea zenbaitek. Estresa, antsietatea, depresioa… bertan-behera geratu zaizkigu aisialdia, kultura, festa. Bi urteko normalitate berrian, zaharrak berri. Arnasa behar dugu, arnastea zaildu zaigunean.