Amamaren moñoa
Gogoan dut gure amama Ageda. Ekonomikaren epelean eserita, amantal eta arropa beltz- zuri-grisarekin, bizkarra apur bat konkortuta. Eta bere ile zuria moño ederrean batuta. Gogoan dut baita, nola egun batean alabak burua garbitu behar ziola eta moñoa askatu zion; eta amamak melena zuen, ia-ia gerrirainokoa. Begi urdin eta ile beltz sendo eta luzearekin imajinatu nuen gaztetan, ordura arte ikusi ez nuen moduan ikusi nuen. Burua garbitzea amaitutakoan, moñoa egiteko hiru ile multzo eginarazi zizkion alabari, eta gero batu ile guztia.
Ez edozein eratara, modu oso neurtuan eta zehatzean. Eta moñoa jarri, eta amama bihurtu zen berriro.
Moñoa jartzen diegu edade batetik gorako emakumeei, eta adin talde berekoak berdindu egiten ditu gure begiradak. Amama kategorian sartzen ditugu emakume edadetuak, berdin da bilobarik izan ala ez izan. Ez ditugu ikusten desio edota bizipen desberdineko pertsonak: kartetan jokatzea gustatzen ez zaiona, haurrak gustuko ez dituena, heterosexuala ez dena, bere militantziagatik kartzelan egon dena, gitarra jotzea gustuko duena… ez dira guk dugun amamaren imajinarioan sartzen.
Amama izenean batzen dira zahartzaroa eta emakumea izatea, eta biei ala biei lotutako estereotipoek jarrera diskriminatzaileak, aurreiritziak eta paternalismoa dakartzate. Adinari lotuta, edadetuen iritzi, desio edo kezken gutxiespena eragiten dute estereotipo horiek. Adinkeria esaten zaio horri. Eta ez gara kontziente diskriminazio horretaz askotan; atera kontu, zahar hitza idazteak ere bere pisua baitu, ariketa kontziente bat egin behar izan dut eufemismorik ez erabiltzeko.
Eta adinari generoa gehitzen diogunean, emakume edadetuen kasuan, zahartzaroa konnotazio are negatiboagoekin ikusten dugu, gizarte matxista batean zaharra izatearen ondorioz. Estereotipoen arabera emakume zaharraren profila ikasketa gutxi dituen emakume batena litzateke, teknologia kontuetan baldarra, bere behar, pentsamendu edo bizi proiektuak alde batera utzita, eta aldi berean bere sexualitatea baliogabetuta. Emakume zaharraren bertsio «txarra» ere bada, atso zaharrarena, amama ez denarena, sorginarena, itsusiarena edo kontakatiluarena.
Emakume zahar edo edadetuak ikusezin bihurtzen dira edo ditugu. Ondorioz, ahotsak ez ditugu entzuten, ez daude erabakiguneetan, ezta beraiei zuzenean eragiten dietenetan ere, eta haien beharrak ez ditugu kontuan hartzen. Moñopean dagoen ile mataza ikusteko, begirada aldatzeko prest egotea besterik ez da behar.