Ama
Gaurko egunez, orain dela hiru urte joan zitzaigun ama. Kimioterapia, erradioterapia, homeopatia, tratamendu esperimentalak… denetarik probatu genuen ditxosozko minbiziari aurre egiteko, baina ez zen posible izan berau gainditzea, eta espero eta nahi baino lehenago joan zen azkenean. Berak horrela erabakita, etxean, etxekoen artean eman zituen azken egunak, eta ohean bai (baina tarteka kalean ere), eta morfinaz gainezka ere, baina, bizi izan zen modura, ezkerreko ukabila altxatuta hil zen gure Itziar. Emakume borrokalaria izateaz harro, azken momentura arte.
14 urterekin lanean hasi eta bizitza guztia eman zuen horrela, lanean, 52 urterekin enpresa itxi eta kaleratua izan zen arte. Langilea izan zen, bai, ta langileen eskubideen alde antolatu zen gazte gaztetatik. Sindikalista konbentzitua izan zen gure ama. Bidegabekerien aurrean ahotsa altzatzen zuen hoietarikoa. Bere lan eskubideak defenditu zituen bai, baina baita defenditu ezin zituenaren alde borrokatu zuen sarri ere.
19 urterekin izan zen ama. Gertakari horrek bapatean nagusitu beharra suposatuko ziolakoan nago. Testuinguru kristau batetan adin horrekin eta ezkondu gabe haurdun geratzeak suposatu ahal izan zionan pentsatzeak, amaren ausardia eta determinazioaz jabetzera eraman nau.
45 urterekin geratu zen alargun, bere bizitzako maiteari agur esateko goizegi, dudarik gabe.
Bere bizitzako azken urteak, gaixotasunak baldintzatuta eta bere ama zaintzen pasatu zituen. Astelehenetako presoen aldeko enkarteladak, Arrano kantari birak, Aberri Egunak, Euskal Jaia, sukalkia… bere habitat naturala zena etxera lekualdatu behar izan zuen orduan. Eta kasu horretan ere bere eskuzabaltasuna agerian utzi zuen.
Ez, ez zuen bizitza erraza izan gure amak, baina bizitzari irrifarre batekin begiratzeko zeukan gaitasuna ikaragarria zen. Mirestekoa. Arazoei alde positiboaren bilatzeko dohaina zeukan, eta tontakeriei tontakeri deitzeko arazorik ez zeukan, denon bizitzak erraztuz horrela. Pertsonetaz hoberena espero, guztiontzat lekua egiten eta bere lekua topatzen zekien horietakoa zen ama.
Bera hil baino hamaika hilabete lehenago joan zitzaigun amuma Karmele, bere ama. Etxeko amuma. Nire bigarren ama, nolabait esateko. Emakume gogorra eta eskuzabala, bera be. Ospitalean hil zen hura, covidaren protokoloen ondorioz, bakarrik, zoritxarrez.
Bi belaunaldi, ama-alabak, urte beteren buruan joan zitzaizkigun. Antinaturala, guztiz. Batak urteak zeramatzan San Pedrori deika, ta bestea egin nahi zituen guztiak egiteko denbora faltaz geratu zen. Orain biak dabiltza Ogoño inguruan, beraien sorterriaren bueltan. Biek, erabaki zuten moduan. Bata, hilerrian dago, senarraren ondoan. Besteak itsaso eta aire zabalean, aske bukatzea nahiago izan zuen, eta hortik ibiliko da.
Agur eta ohore, ama(ma) maitea(k), eta eskerrik asko bihotz bihotzez emandako eta erakutsitako guztiagatik.