Altxorraren zaindariei
Egunkari baten orriak ez dira hitzez betetako orriak soilik; komunitate baten ispilu dira, gure herritarren kezkak, pozak, erronkak eta lorpenak jasotzen dituzten leiho zabalak. Gogoan dut 2005eko urriaren 31. Urriko Azken Astelehena zen, eta oraindik ezezaguna zen produktu berria banatzeari ekin genion: Busturialdeko Hitza egunkariaren aurrerapena. Abenduaren 15etik aurrera etxeetara helduko zenaren aurrekoa: 0 Km-ko produktua, bertokoa eta euskalduna.
20 urte beteko ditu euskarazko tokiko egunkariak, eta gaur ere Busturialdeak bere ahotsa entzunarazi behar du; bere nortasuna, bere hizkuntza eta bere eguneroko istorioak plazaratuko dituzten protagonistak behar ditu. Izan ere, horixe da HITZAk azken 20 urteetan izan duen eginkizun ederra: informatzea, kontatzea, eta elkarri arnasa ematea.
Hasierako grina hura —egunkari txiki bat sortzen denean pizten den sugarra— ez da galdu behar. Ilusioak elikatzen gaitu, ilusioak bultzatzen gaitu, eta eskualdea osatzen duten 20 herrietako bizilagunek mantendu duzue ilusio hori gori-gori, lehenengo zenbakietatik hasita eta urtez urte. Bereziki eskertu behar da lehen pausoak ematean zuek guztiok ondoan eduki izana. Herritarrak izan zinetelako, azken finean, gure lankide isilak: boluntarioak, dedikazioz eta maitasunez aritu zinetenak, askotan itzalpean baina beti hain beharrezko.
Eta ezin ahaztu gure hizkuntzari emandako bultzada: HITZAk ez lukeelako biziraungo hizkuntzak duen indarraz baliatu izan ez balitz. Euskara da gure kulturaren bihotza, eta komunikabideek dute, neurri handi batean, taupada hori bizirik mantentzeko ardura. Hala, zuetako bakoitzak euskarazko edukiak kontsumitzen dituzuen bakoitzean, gure eskualdearen identitatea sendotzen duzue. Hizkuntza erabiltzea eta sustatzea, gaur egun, ekintza kulturala eta ekintza politikoa baita.
Beste hainbeste gertatzen da informazio sortzaileekin: herrietako ekimenen, gertaeren edo ekitaldi txikien berri eman izan duzuenok eraiki duzue benetako komunitatea. Zuek gabe ez litzateke posible izango.
Horregatik guztiagatik, 20. urteurrenean ere, mezua argia izan behar da: euskara herriaren altxorra bada, euskaldunak zarete altxor horren zaintzaile, eta HITZA zuena, herriarena, izango da.