Alex Zubia: "Aberatsa naiz, aberatsak gara"
Zaila da neurtzea zein den aberastasunaren ezaugarririk garrantzitsuena. Izan daiteke soldata, izan daiteke bizi-maila, izan daiteke erosteko gaitasuna… Edozeinetan pentsatuta ere, zuetariko askok ez zaretela aberatsak pentsatuko duzue, ez, behintzat, ez bada Afrikan gosez hiltzen ari direnekin edota Siria eta antzekoetatik ihes egin beharrean dabiltzan horiekin alderatuz. Eta horiekin bagara, bai aberats eta baita zorionekoak ere, nahiz eta askoren aurpegietan ez duen ematen.
Bada, aberastasuna neurtzeko beste era bat, zorpetze gaitasuna dela diote. Benetan pobrea bazara, ez duzu zorpetzeko gaitasun askorik, ez dizu inork ezer maileguan utziko eta. Nola utzi txiro bateri dirua, nondik hartu ez du eta? Zorpetu, benetan zorpetu aberatsak bakarrik egin daitezke. Hor dago Corte Inglesa, jotake lanean aurtengo urtea 2.000 milioi euroko zorraz amaitzeko ahaleginean.
Alde horretatik ere, gu aberatsak gara. Espainiar izatearen abantailak. Espainiar izate hutsagatik gutariko bakoitzak 23.000 euro baino gehiago ditugu zorrean, bakoitzak bere kabuz egin ditugun zorrak alde batera utzita, hau da, hipoteka, autoa… Horretaz gain, 23.000 euro baino gehiago. Oraindik gogoan ditut EAJren hitz haiek «Sentirnos comodos en España». Ufa, eroso ez dakit, baina sekulako sablazoa eman digute metropolikoek!!!
Hori zorretan, zeren eta gure etorkizunerako jubilazio kutxa deritzon horretan sartuak izan ditugun milioi guztiak aidean doaz, apurka-apurka. Berriki beste 7.000 milioi euro atera ditu Espainiako Gobernuak. 2011. urtean 67.000 milioi euro inguru genituen kutxa horretan, hegoaldeko euskaldunok ere. Gaur egun, 25.000 milio inguru geratzen dira, eta beste 7.000 milioi kentzekotan dira. Baina lasaia, gu Espainian lasai.
Jai eta hondartza egunak ditugu gainean. Aberatsak gara horretan ere, jaiak ondo ospatzen jakitea aberastasuna delako; gainera, gure herriaren aldeko borrokan jardutako guztiak gogoratuz eta etorkizun hobe baten alde borrokatuz ospatzen direnean, are aberatsago.