Aizkora eta sugea
Udal hauteskundeen helburua argia da: herritarrek herrikide batzuk hautatzea herriko udalaren kudeaketa garatzeko. Baina sarritan, Euskal Herriko udalerri askotan alderdi arrotzek zerrendak betetako kiderik izan ez arren, hautagaitzak aurkezten dabez. Herria mapan kokatzeko gai ez diren urrutiko militanteen bitartez betetzen dabiez. Joandako baten kasualitatez Iruñean bizi dan emakume bat ezagutu neban M28rako Arrigorriagako PPko lehena dana, herria behin bakarrik zapaldu dauna! IDA edo MAR be hor daukaguz, Bilbon eta Durangon, hurrenez hurreneko udal gaien inguruan erabat «kezkatuta». Tira!
Antzekoa, Andoni Unzalu ETAko kide ohiarena. EAJren ingurukoa sasoi batean eta PSOEko ahots ezaguna aspalditik, Zornotzan bizi izan arren, Ondarroan aurkeztu zan 2011n (117 bozka jasoz). Gero, Patxi Lopez usurpatzailearen aholkularia izatetik, egun, Eako PSOEko zerrendaburu bilakatu jaku. Ean 2011n PSOEren zerrenda arrotzak 3 boto jaso ebazan, 2015ean desagertu ziran, eta 2019an, berriz, 3 boto jaso euzen berriro. Eatarrak «askatzera» datorrela diñosku, baina, berez, bazterrak nahastera eta espainol nazionalistak «hor daudela» gogoraztera besterik ez dator.
Helburu inbolutibo argia daukie: hainbeste euskal herritan kontrolpetik kanpo eta gustokoa ez daben errealitate soziologiko-politikoa erasotzea. Udal hauteskundeen benetako asmoa zapuztu nahian, normaltasuna moztu eta amorratzen dituen gizarte askea eta herritarra egurtzeko betiko mantra nazionalista espainola ateratzeko parada lortzen ari dira.
Gernikan, ostera, taktizismoa eta zuhurkeria dira nagusi. A priori, agerian, hiru aukera nagusi; EHB, EAJ eta Gorro-ñoren zerrenda «independentea» lehian, berdintasun teknikoa legokeela eta paktuetarako aukera gutxi leudekeela ematen dau. Mahai gainean kudeaketarako gai potoloak eta esanguratsuak, Urdaibaiko Guggenheim erabakigarrienetarikoa dalarik.
EAJk ez deutso kontrolpetik at dagoen Gorroño bati pastel erraldoi horren kudeaketa itzi nahi (hortik ustezko zatiketa), baina beste irakurketa bat egin dagikegu be.
Gorroño (jubilatzear) aurkeztu ezean, Gorroñozaleen bozka puska potolo bat EHBra joan zitekeen, eta hori EAJk ondo daki. Horregatik, «hasarraldia» antzeztu baten bidez birlibirloke maltzur baten atarian egon gaitezke. Gorroño aurkeztuz EHBn hazteko aukerak modu nabari batez mugatzen dira, eta gero gerokoak.
Agian, negoziaketa ezkutu batez «independenteek» emakidaren bat lortu eta EAJri bermatu lekioke alkatetza, Gorroño ohorezko eta urrezko erretirora, EHB mugatuta eta EAJ txapeldun, Guggenheimeko «businessa» zorrotz zuzendu ahal izateko. Borobila!
Azken finean, era batera zein bestera ezintasun politikoari aurre egiteko lizunkeririk zatarrena edo antzeztutako trikimailurik zaharrena baliogarriak dira, gutxi batzuen helburuak zein interesak herriaren erabakiaren gainetik inposatu ahal izateko. Erratuta egoteko gogotsu!