Agurra
Nire azken zutabea idazteko momentua heldu da. HITZAri eskerrak eman nahi nizkioke, luzatu zidan parte hartzeko gonbidapenagatik. Azken bi urte hauetan zehar, lehendabizi, gure eskualdean lanbroen artean dauden arrokek ezkutatzen dutena (fosilak) aztertuz, gure inguruan izandako bazter miresgarriak ezagutu ditugu. Euskal Herriko (Hitza 2023/11/02) eta gure eskualdeko bizitza prehistorikoa aztertzeaz gain, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrok iragan urruneko itsaso zahar eta ipurtarinaren seme-alabak garela ikusi dugu (Hitza 2023/03/30 eta Hitza 2023/05/25) eta substratu itsastar honen gainean hazi direla gure herriak, barrenean gure arbasoen arrastoak gordeta daudelarik (Hitza 2023/07/06).
Bestetik, gure eskualdeko naturarekiko begirada osoa lortzeko asmoz (Hitza 2023/02/16), geobiodibertsitatearen aldarrikapena egitea izan da nire helburu nagusia (Hitza 2023/12/14). Leioan Biologia ikasketak burutzen ari nintzela jarri nituen «betaurreko berriak», eta naturaz gozatzeko eta ingurumenaren ezagutza zein zaintzarako biodibertsitatea eta geodibertsitatea bikote bereizezinak direla ohartu nintzen. Graduondoko ikasketak Geologian eta, batez ere, Paleontologian egin ostean, Lurreko historia natural zoragarria ezagutzeko aukera izan nuen eta bio-geo link edo elkarrekintza horiek betidanik existitu direla ikusi nuen, ezinbestekoak izanik biak egungo krisi klimatikoa edota ingurumen krisia aztertzeko. Nire formakuntzan «betaurreko berri» horiek oparitu zizkidan irakaslea, nire doktorego-tesiaren zuzendarietako bat izan zena, eskertu nahi nuke gaur, Humberto Astibia Ayerra (Iruñea, 1955). Paleontologo jakintsu honek paisaiaren eta ondare naturalaren inguruko erreflexio interesgarriak irakatsi dizkit (Hitza 2024/05/16). Paisaia, gure ongizate eta beharrizanetarako funtsezko elementu integratzailea bihurtu da (Hitza 2023/09/21).
Gure lurraldeko gai eta prozesu geologikoak gure eskualdeko ekosistemen euskarri edo sostengu fisikoak dira, gure lurraldeko erliebea sortu dute, geomorfologia desberdinak eskainiz (Hitza 2024/06/27, Hitza 2024/09/12 eta Hitza 2024/10/24), eta biosferarekin, atmosferarekin eta hidrosferarekin elkarrekintza zuzena dute, iraganeko zein egungo klima aldaketan funtsezkoak izanik. Geodibertsitatea ekosistemen zerbitzuen parte ere bada (Hitza 2024/02/08), gure gizarteari baliabide eta ondasun natural zati handi bat eskaintzen baitio.
Geodibertsitatea, beraz, iraganeko eta egungo bizitzaren oinarria da, baita giza bizitzarena ere, eta ondasun natural eta kulturalen arteko elkarrekintzaren parte da, garrantzitsuak gure herriaren memoria eta identitatea ezagutzeko.