2.301
Zenbat euri eta zenbat eguzki falta den 2.031. urtera arte; zenbat irri eta malko. Ni neu erretiroari begira egongo naiz ordurako, Espainiako gobernuak jubilatzeko adina atzeratzen ez badu; gure autonomia eder hauetan Madril bait da zein adinekin erretiratzen garen, zenbat kobratuko dugun eta kobratuko ote dugun erabakitzen duena. Baina, tira, ordurako geure esku egotea nahiko nuke, eta esku horiek Madrilgoak –eta Parisekoak– baino justuagoak izatea, hau da, gehiago duenak gehiago ordaintzea, eta gehiago behar duenak gehiago jasotzea. 5.000.000.000 euro dutenen eta 5.000 euro dutenen arteko tartea, sikiera, zertxobait laburtzeko.
2.031. urterako hainbat izango dira zoritxarrez joanak izango direnak, batzuk adinaren poderioz, beste batzuk gure gizartearen epidemia berria den minbiziak eroanda. Honetan badut itxaropena denborak aurrera egin ahala aurkikuntza berriak egingo dituztela, eta ordurako belaunaldi oso bat izatea bertoko eskoletan hemengo jateko ekologikoaz elikatuta izan dena; ziur nago honek ere lagunduko duela kutsadura gutxiago izaten, bai naturan, baita gure gorputzetan ere. Jaten duguna bait da elikatzen gaituena.
Auskalo zein moda izango den indarrean ordurako, aurten kolorea granny green dela erabaki omen du nonork, eta niri ezer galdetu gabe, gainera! Auskalo zer eta nola jantziko gaituzten 2031. urtean.
Ibilgailuak ere aidean joan litezke ordurako, XXI. menderako agintzen ziguten gauzetatik bat zen hura, zoriontasun unibertsala eta pobrezia desagertzearekin batera. Horrela bada, dagoeneko ez dugu Autzaganeko tunel amaitezina behar izango, eta honetan txanpinoiak hazi ahal izango ditugu, ekologikoak ere, jakina!
Gure seme-alabak nagusi izango dira 2031. urtean eta hor ibiliko gara etxetik nor-nori-nork bota borrokan. Baina kotxe hegalariak baldin badaude, beharbada, etxe hegalariak ere izango dira 2.031 urtean eta ez dugu zemento gehiagoz estaliko natura.
Beste gauza asko ere gertatuko dira ordurako, baina ORDUAN, Jabitxu, 2.031. urtean ZU ezagutuko zaitut espetxetik ateratzen zarenean. Horrela izatea utziko al dugu?