Zaintza
Bizitza zaintza da.
Jaio eta batera zaintzen gaituzte, gurasoek (gehienetan), edo paper hori hartzen duen beste norbaitek. Haiek zaindu eta irakasten digutena gara. Geroago guk zaintzen dugu, umea, animalia, laguna… Geure burua ere zaindu behar izaten dugu, behar duguna baino gutxiago normalean…
Eta konturatu orduko, umetan hasi eta zaindu gaituzten guraso horiek zaintzera pasatzen gara.
Erantzukizuna izugarria da, beldurgarria ere bai. Ez da erraza garai hori gainditzea; seme-alabek gurasoen papera egin behar dute, eta gurasoak laguntzen utzi behar dira.
Amarentzat edo aitarentzat ez da erraza beraien buruak zaintzeko gai ez direla onartzea. Azken finean, bizitza osoa guri laguntzen eta munduko pisu guztiak bizkarrean jasaten eman duenak ez daki nola besteengan delegatu. Are gutxiago norberaren ahultasuna onartu. Bat-batean, egun batean beren errutinak hausten ditu eta egunero betetzen zuen hori egiteari uzten dio.
Guraso onak ez dira bizitza ematen dutenak, gurasoak onak, maitasuna, laguntasuna, irakaskuntza ematen dutenak dira. Etengabeko afektu eta dedikazioarekin hazteko zortea izan dugunori, min ematen digu zahartzen direla ikusteak. Ordura arte, beti gure eusle, babesle eta helduleku izan diren ama eta aita, bat-batean ez direla betirako ikusi eta sentitzea, oso gogorra da. Eta are gehiago sufritzen daudela ikustea eta beraien ongizatea gure eskuetan ez dagoela sentitzea.
Amarentzat edo aitarentzat ez da erraza beraien buruak zaintzeko gai ez direla onartzea
Beraientzat kozinatu, garbitu, tristurak edo beldurrak estutzen dutenean eskua hartu, irribarre eginarazi, medikuarengana lagundu, behar dutena eman… Zahartzaroan, gurasoak jada dependienteak direnean, seme-alabengandik dagoen maitasunik garbiena jasotzea behar dute. Ahalik eta hobekien sentiarazteko eta daukaten hori hobeto eraman ahal izateko.
Beldurrak beldur, minak min… Hasiera batean gai izango ez garela uste genuen hori, bat-batean indar bilakatzen da, eta aurrera egiten dugu, eta hortxe gaude, ahal dugun onena ematen eta uste baino hobeago eramaten. Orduan konturatzen gara edozein egoerari aurre egiteko gai garela, beraiek izan diren bezala eta beraiek txikitatik erakutsi diguten bezala. Eta orduan konturatzen gara, ze bizitza ederra eman diguten eta ze zoriontsu egin gaituzten. Eta orduan konturatzen gara, ze garrantzitsua den zaintza, zaintza ona, guztiaren gainetik dagoen zaintza, zoriona lortzeko.
Zuk eman didazun zaintza aitxa, orain niri tokatzen zait bueltan ematea. Eta ze gustora ari naizen zure alboan zaintzen.
Zaintza bizitza da.