Munduko Arrozak (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Aniztasuna dastatzen duen Munduko Arrozak jaialdia bueltan da. Aurten, ekainaren 20an (zapatua) Merkatu plaza beteko du gastronomiatik harago doan jai komunitarioak. Bertan parte hartzeko izena eman behar da, 747 45 40 88 telefono zenbakira deituta.
Urte batzuetako etenaldiaren ostean, Gernikatik Mundura taldeak udalerrian aztarna utzi duen Munduko Arrozak jaialdia berreskuratzea erabaki du aurten. Izan ere, taldekideek berriro piztu nahi izan dute topaketaren, elkarbizitzaren eta herria ezaugarritzen duen aniztasunaren sua, elkarbizitzaren txinparta.
Munduko Arrozak lehiaketa eta jai herrikoia uztartzen dituen jaialdi parte hartzailea da, non talde bakoitzak kultura tradizio batean oinarritutako arroz plater bat aurkeztu behar duen, ostean jatorri ezberdinetako herritarrez osatutako epaimahaiak onena aukeratzeko.
Ekimenak balio handia ematen dio jai giroan elkartzeari, testuinguru interkultural eta belaunaldiartekoan. Ze, Munduko Arrozak ekimenak era skotako kolektiboak batzen ditu janaria prestatzeko, berba egiteko edota harremanak ehuntzeko. Arroza da abiapuntua —mundu osoan presente dagoen elikagai xumea, mila errezeta desberdinen parte dena—, baina horren bidez istorioak, tradizioak eta jakintzak partekatzean dihardu jaialdiak.
Hori dela eta, dastaketaz eta lehiaketaz gain, jardunaldiak kultur nimazioko programa bat ere izango du, lurraldean elkarrekin bizi diren kulturen aberastasunean murgiltzeko aukera emango diena bertaratzen direnei. Eta, hori guztia posible egiteko, arroza baino gehiago behar da: eskuak, ideiak, ilusioa eta konpromisoa. Osagai horiek izanez gero, jaialdira bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei.