'Kortxoaren dilema' antzezlana (Bermeo)
Bermeo. Kortxoaren Dilema antzezlanak Nestor Basterretxea aretoa hartuko du azaroaren 21ean (barikua), 20:00etan.
Etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko antzerki jokoa da Kortxoaren dilema, endreduzko thriller eta komedia politikoa. Borroka latza eta nahasia irudikatzen du, zinezkoaren eta faltsuaren artean mugitzen dena. “Zaila da gaur eguneko antzezlan bat genero klasikoen muga zorrotzen barruan sailkatzea. Eta, obra honek, sakontasun handiko konflikto politikoak eta dilema etikoak baliatzen ditu komedia politikoa egiteko”, adierazi dute antolatzaileek.
Trama eroa duelako da endreduz betetako komedia, izan ere, etengabe ateratzen dira ezustekoak draman, egoera bakoitzaren norabidea errotik aldatzen dutenak, eta ikusleak harrapatzen dituztenak. Eta, politikoa ere bada, kontzeptuaren alderik intimoenean, pertsonaiak amildegiaren ertzean kokatzen dituelako: “Bizitza bera joka dezakegu, zenbait printzipio politiko mugaraino asumituz gero”.
Hori guztia bi aktorek irudikatzen dute: alde batetik, irakaslea dago, 70 urte ingurukoa, katedradun jubikatua, ezkerraren erreferente intelektuala, eta pronostiko gaiztoko minbizia daukana; bestetik, bere ikaslea agertuko da, aspaldiko kontuak “garbitzera” datorrena. “Pronostiko gaiztoko minbizia dauka irakasleak, baina sendatzeko aukera sortu zaio ezustean: aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari doan eman dion erradioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazioa, baina, bakan batzuk, zergak behar bezala ez ordaintzeko trikimailua dela salatu dute”. Hori da obraren trama, antolatzaileek azaldu modura, eta irakasleak hartu beharko duen erabakiaren inguruan osatzen da antzezlana.
