'Gernikak. Begiradak' (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Gernikak. Begiradak erakusketa Astran egongo da urriaren 3tik (barikua) 30era (eguena) bitartean. Atsekabetik sortutako begirada kolektiboa eskaintzen duen erakusketa da, Picassoren lan unibertsala zatitzen duena. Sarraski hartatik bizirik atera zirenen testigantza batzuk berreskuratuz, horiek berrinterpretatu eta testuinguruan kokatzen ditu, eta egungo euskal kulturako erreferente garrantzitsuen begiradekin aberasten ditu.
Xanti Arrietaren lana da, artista bergararrak hainbat teknika eta material uztartu eta fusionatu ditu: eskultura, pintura, zeramika, argazkia eta zura, besteak beste.
Euskal kulturaren ordezkari diren hamar bat lagunek parte hartu dute, besteren artean Eñaut Elorrietak, Onintza Enbeitak, Maite Aristegik, Kirmen Uribek… Eta Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta idazleak koordinatu ditu testuak.
Erakusketaz gain, urrirako hitzaldiak eta liburu aurkezpena antolatu ditu Gernika Memoriaren Lekuko plataformak.
EGITARAUA.
Urriak 3, barikua.
19:00. Gernikak. Begiradak erakusketaren inaugurazioa ekitaldia, Astran, Xanti Arrieta sortzailearekin eta Txema Ramirez de la Piscina koordinatzailearekin.
Gero. Ibilbide literario eta musikatua Onintza Enbeitagaz, Maite Aristegigaz eta Arrano Kantariakekin.
Urriak 10, barikua.
19:00. Josu Chueca EHUko irakasle eta 36ko gerrari buruzko ikertzaileagaz, Euskal Haurrak guda zibilean hitzaldia, Astran.
Urriak 24, barikua.
19:00. Frankismoaren krimenen aurkako kereilak Euskal Herrian, espainiar estatuan eta Argentinan hitzaldia, Josu Ibargutxi Frankismoaren krimenen kontrako kereilen plataformako bozeramaileagaz, Astran.
Urriak 30, eguena.
19:00. Sabino Cuadraren Los victimarios liburuaren aurkezpena, Astran.