Gernika... Arbola... Ikur bat baino gehiago? (Gernika-Lumo)
Gernika-Lumo. Pello Ramirez txelo jotzailea, Gorka Larrañaga margolariak, eta Andoni Salamero olerkariak Gernikako arbolari buruzko obra berezia dakarte udalerriko Lizeo Antzokira urriaren 18an (zapatua), 19:00etan. “Begiramenduz”, zuhaitzari buruzko eta horrek iradoki izan duen guztiari buruzko irakurketa subjektiboa egingo dute, “samurtasunez, beratasunez eta baretasunez” beteriko giroa sortuz.
Euren sortze-lanean galdera desberdinak egiten dizkiote zuhaitzari: “Zer da arbola hau, sinbolo bat, ereserki bat? Birrindu zuteneko sorkaria? Bake-ezaugarri berezia? Zerbait gehiago irudikatzen du euskaldun guztiontzat? Gernika koadroak iradokiko zuen ezertxo? Memoria-gunea? Martxa bat? Luze emango luke hori guztia argitzeak”.
Galdera horiek biolontxeloaren musikaz, alegoria bereziez eta ederrez sortutako margolanaz eta prosa poetikoz jantziriko gidoiaren bitartez ikusaraziko dituzte. Gainera, 36ko gerrak bazterrak birrintzeaz gain, Gernikako pertsona askoren bizitza “zapatu eta kolpatu” zueneko oroitzapena dakarte, “gertatutakoa oroituz, hausnarketak bultzatuz eta solasguneak sortuz. “Haritzaren atzean, gizaki desberdinen istorioak daude idatzita, eta horrek erakusten digu pentsamenduen, sentimenduen, portaeren eta ekintzen bidez zein den egungo arbolarekiko dugun sentiera”, diote sortzaileek.
Eta, horren protagonista zuzenak “denok” garela jakinda, solasaldia zabalduko dute: batetik, giro “gozo eta samurra” sortuz, margolana, musika zein poesiaz atsegin hartuz; eta, bestetik, herri desberdinetan memoriaren alde egiten ari den jendeari errealitatera hurbiltzeko. Solasaldian parte hartuko dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek eta Lilibertsokoek.
“Sentiberatasuna, sormena, solasa, hausnarketa, alosia edo harmonia sustatzeko nahia izan bedi Gernikako zuhaitzak eragiten diguna, beude zuztar edo errook sendotzeko borondatea eta egin nahi ona guztiongan. Sentitzeak, elekatzeak elika dezala bihotz guztietan loratua dugun arbola”.