Eako moilako saneamendu eta berritze lanak amaitu dituzte
Hilabeteetako lanen ostean, amaitu dituzte Eako moilako saneamendu integralerako lanak. Horri esker, herriko itsasadarra babestuta geratu da uda-sasoia hasi aurretik: “Azpiegitura berriek Eako itsasadarreko eta hondartzako uraren kalitate ona bermatzea dute helburu. Moila inguruko eta Beletxeko hondakin-uren isurketak behin betiko ezabatuta, ingurumena zaindu eta bainu segurua ziurtatuko dira”.
Herritarren eta bisitarien “segurtasuna zein ingurumena jagoteko” lanok hainbat erakunderen elkarlanari esker gauzatu dituzte, finantzaketan zein exekuzioan parte hartu baitute, Eako Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak.
Proiektuaren helburu nagusia izan da Eako errekaren itsasadarrean, portuan eta hondartzan gertatzen ziren hondakin-uren isurketak “behin betiko etetea”. Arazo horri aurre egiteko, obrak bi fase nagusitan gauzatu dituzte, aldi berean egin badituzte ere. Lehenengo esku-hartzea moilako ponpaketa-estazioari dagokiona izan da, eta bigarrena, Beletxe eremuko instalazioak jasotzen dituena. Sistema berri horrekin, sortutako ur gris eta beltz guztiak sare orokorrera bideratu dituzte, “itsasoratu aurretik behar bezala tratatu daitezen”. Lanen amaierari esker, kaiko zerbitzu guztiak (tartean, dutxak eta komunak) prest eta erabilgarri daude maiatzaren amaieratik.
Portu eta Itsas Gaie eta Itsasertzeko Zuzendaritza arduratu da proiektuaren kudeaketagaz, jarraipenagaz eta ikuskapenagaz. Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 46.000 euroko diru laguntza emango zion Eako Udalari, bertako itsasertzeko lerroaren saneamendu integrala bultzatzeko, eta sailetik emandako informazioaren arabera, proiektuan, denetara, 157.937,90 euroko inbertsioa egin dute. Lehendabiziko faserako, ponpaketa eta kanalizazio sistema instalatzeko, 110.795,48 euroko aurrekontua eduki dute, eta bigarrenerako, Beletxe eraikina eta Kosallu baserria sare berrira konektatzeko, 47.142,42 eurokoa.