Elkarbizitza sendoago baterako hazia ereiten
Harrera eta kulturarteko elkarbizitza hobetzen jarraitu asmoz, Munduko janariak kulturarteko festan elkartu dira gaur [maiatzak 9] eatarrak.
Goizeko lehen ordutik, giro ona eta janari usaina izan dira gaur [maiatzak 9] protagonista Eskolondon. Izan ere, ehun bat lagunek egin dute bat Eako Munduko janariak kulturarteko festagaz. Kulturetan tokian tokiko janariek duten garrantziaren jakitun, mahai ingurua izan dute topagune nagusi, baina edonola ere, denentzako eta denetariko ekintzez gozatu dute goizean zehar.
Ea herri txikia bada ere, bertan bizi direnak “askotarikoak” dira, horrek “aberastasun handia” suposatzen duela uste dute udaletik. Halere, badakite aniztasunak erronkak dakartzala eta horiei aurre egin asmoz, Farapi elkartearen kanpo aholkularitzaren laguntzagaz, harrera eta kulturarteko elkarbizitza hobetzeko prozesuari ekin zioten duela hilabete batzuk. Bide horretan, Eako herriaren errealitatea aztertu, udalaren baliabideak eta prozedurak berrikusi eta “etorkizunerako bideak marrazten hasi” dira. Izan ere, argi dute kulturartekotasuna ez dela soilik desberdintasunaren presentzia eta “elkarbizitza ez dela bakarrik elkarren ondoa bizitzea”.

Lanean diharduten arren, argi dute harrera eta kulturarteko elkarbizitza hobetzea ez dela soilik udalaren esku geratu behar den lana: “Elkarbizitza ez da berez gertatzen den zerbait, guztion artean eraiki beharrekoa da. Errespetutik, jakin-minetik eta elkarrizketatik eraikitzen da elkarbizitza, eta bidean, denok ikasteaz gain, komunitatea sendotzen dugu”.
Komunitate sendo baten isla izan da hain zuzen ere, gaur Ea. Jakin-minetik, kultura ezberdinetako jolasak ezagutu dituzte umeek, tartean Finlandian edo Marokon jolasten direnak. Elkarlanaren eredu, jolasak antolatzeko herrian umeentzako ekintzak antolatzen dituen Pauso Txikiak taldekoen laguntza izan dute antolatzaileek.

Hara eta hona ibili ostean, ekintza lasaiagoetan zentratu dira: arabierazko alfabetoa eskuan, eskumatik ezkerrera beraien izenak arabieraz idazten ahalegindu dira. Batzuk beste batzuk baino trebeago ibili arren, elkarri lagundu denek pozik amaitu dute. Atsedenik hartu gabe, henna tailerrean elkarri aldi baterako tatuajeak egin dizkiote: txantiloiak erabilita, forma eta neurri ezberdinetako irudiak aukeratu dituzte askok; beste batzuk berriz, esku hutsezko marrazketagaz ausartu dira.
Parte hartzearen garrantziaz.
Udalak “berebiziko garrantzia” ematen dio herritarren parte hartzeari eta gaur, haurretatik hasi eta helduetara, kulturartekotasun jaian parte hartzeko gogoa erakutsi dute eatarrek. Ez gaur bakarrik, gaurkoa “parte hartzearen fruitua” izan baita. Jaialdiaren antolaketan aritu den lan taldea jatorri anitzeko pertsonek osatu dute, hainbat hilabetez elkartu eta helburu berdinari begira lanean aritu direnak: “Hilabete hauetan, besteak beste, harrera eta elkarbizitzari buruzko printzipio gidariak adostu eta horretarako ekintza proposamenak egin ditugu”. Horregatik, Munduko janariak festa jaialdia lanean aritu diren guztien “konpromisoa, denbora eta ilusioa” goraipatzeko aprobetxatu dute: “Eskerrik beroenak modu batean edo bestean lagundu eta gaurkoa posible egin duzuen guztiei”.
Kubako tostoiak, Marokoko Kus Kusa, Italiako parmesanoa eta Euskal Herriko taloak egiten ikasteko aukera ere eduki dute eatarrek, eta asko izan dira herrikideek beraien jaioterriko errezetak nola egiten zituzten ikustera hurreratu direnak. Gainera, ikasitakoa etxean praktikatu ahal izateko, lau errezetekin esku orria prestatu dute antolatzaileek, sukaldari bakoitzaren ama hizkuntzari tokia eskainita.

Errezetak gordeta, bazkaltzeko ordua ere iritsi zaie eatarrei. Umeen txanda izan da lehenengo eta helduena, gero. Helduak izan dira proposamen gastronomikoa gogo handiz hartu dutenak, goizean zehar kozinatzen ikusi dituztenak dastatzeko aukera izan baitute. Lau platerak gutxi balira, herriko kuadrilla batek marmitakoa ere prestatu du, eta Bodegoie Aritza tabernako langileek, Venezuelako sukaldaritza hurbildu diete, arepak eta tequeñoak prestatuta.
Ea herri txikia bai, baina “zabala” ere badela erakutsi nahi zuten gaur, eta baita lortu ere. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek maiz errepikatu dute gaurkoa ospakizuna bai, baina nahi duten etorkizuna eraikitzeko “abiapuntua” ere badela: “Harrera egitea prozesu bezala ulertzen dugulako, gaurkoa izan dadila biharko elkarbizitza sendoago baten hazia”. Gaur botatako hazia indartu eta loratu dadin baina, nahitaezkoa izango da herritarren parte hartze aktiboa. Horregatik, deitzaileen eskariari erantzunez, beraien ekarpena egin eta boluntario sarean parte hartzeko izena eman dute askok.