Kulturarteko jaia ospatuko dute Ean
Munduko janariak Eako kulturarteko festa ospatuko dute zapatuan, Ean.
Elkarrizketa eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna da maiatzaren 21a, eta beragaz bat eginez, Munduko janariak Eako kulturarteko festa ospatuko dute zapatuan [maiatzak 9], 11:30etik aurrera, Ean.
Eskolondon elkartuta, umeen jolasak, tailerrak eta hainbat jakiren prestaketan murgilduko dira. 14:45ean, berriz, Mundu bat EAn prozesu parte hartzailea aurkeztuko dute, eta 15:00ak aldera, bazkari herrikoian elkartuko dira.
Herrian dauden kultura desberdinetako jolasak, musikak eta jakiak elkartuko dituzte, eta esate baterako, jolasak antolatzeko herriko Pauso Txikiak taldekoen laguntza eduki dute: “Umeei begira herrian gauzak antolatzen dituen elkartea da. Adibidez, bertoko jolas moduan, zakuen jolasa egingo dugu, eta Marokoko Rif eskualdetik etorri eta talde eragileko kide den batek proposatutako jolasa ere egingo dugu, baita Bedaronan bizi den finlandiar batek proposatutakoa ere”. Bestalde, henna tailerra eta arabierazko izenei buruzkoa ere egingo dituzte.
Proposamen gastronomikoa ere zabala izango da. Sukaldaritza tailerretan errezetak prestatu ondoren, herri bazkarian dastatuko dituzte; 100 bat pertsona elkartuko dira: “Jendearen partetik sekulako erantzuna eduki dugu. Talde eragileak eroan du antolaketaren pisua, baina era batera edo bestera, jende askok parte hartuko du antolaketan, eta oso positiboa dela iruditzen zaigu”. Kubako ogi txigortuak, Maroko kuskusa, Italiako parmigiana eta Natxitukoen eskutik taloak egingo dituzte. Horrez gain, marmitakoa ere prestatuko du herriko kuadrilla batek. Postrea, ostera, Bodegoian lan egiten duten bi herrikidek prestatuko diete: “Senegaldarra eta venezuelarra dira, eta jaia egingo genuela jakin zutenean, eurek postrea egingo zutela esan ziguten”.
Mundu bat EAn prozesu parte hartzailea aurkeztuko dute
Leire Ortega zinegotziak esan bezala, “prozesu baten adierazpen bat da jaia”, eta ez da momentu zehatz batean egingo duten jai bat bakarrik. Abiapuntua da; izan ere, aurrera begira ere kulturartekotasuna eta elkarbizitza lantzen segitzeko apustua egin dute.
Lanketa. Ortegak aipatutako prozesu edo bide horretan, Farapi Kooperatiba eduki dute bidelagun. Hasieran, udalaren asmoa zen harrera plana egitea, baina Eakoaren tamainako udal batentzako harrera protokolo bat egitea, bide-orri bat definitzea egokiagoa zela esan zieten adituek: “Azkenengo urteetan, jatorri desberdinetako gero eta jendea gehiago etorri da bizitzera, eta horiei harrera egiteko modua zein kulturarteko elkarbizitza hobetzeko beharrizana ikusi genuen udal gobernu taldean. Batzuk kaletik ikusten ditugu, beste batzuk badakigu Ean bizi direla, baina ez dakigu nortzuk edota nongoak diren eta ez daukagu harreman handirik eurekin. Iruditzen zitzaigun lanketa egiteko ondo etorriko litzaigukeela kanpo aholkularitza bat edota horretan lan egiten duen talderen baten laguntza edukitzea, eta hori egin dugu. Eta diru laguntza ere lortu dugu”.
Kooperatibako kideek fase desberdinak planteatu zizkieten. Alde batetik, udalerriko errealitatearen analisia egitea proposatu zieten. Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin zuten: “Udal errolda konpartitu genuen eurekin; jatorri desberdinetako zenbat pertsona dauden, jatorri horiek zeintzuk diren… Eta mankomunitatearen datuak ere partekatu genituen; zenbat pertsonak jo izan duten mankomunitatearen zerbitzuetara eta abar. Horrez gain, udalak gaiaren inguruan, batik bat euskarari dagokionez, egin izan duena ere konpartitu genuen”.
Horrekin batera, elkarrizketak ere lotu zituzten hainbat herritarrekin. Besteren artean, zaintza lanetan dabiltzan emakumeekin eta euskara ikasteko taldean daudenekin batu ziren: “Batzuk bikotekidea bertokoa daukatenak eta hona etorritakoak dira eta beste batzuk familiarekin hona etorritakoak”. Ahalik eta “abaniko zabalena” izaten saiatu ziren, esperientzia eta errealitate desberdinak ikusteko. “Leku berri batera etortzea zelan bizi izan duten, zelan sentitu ziren, zelan hartu dituzten, zer eskertu duten, zer bota duten faltan… ezagutu nahi genuen”.
“Komunitatea sortu nahi baldin badugu, herritarrak inplikatu behar genituela argi ikusi genuen”
Elkarrizketez gain, bi bilera egin zituzten Farapikoekin: hezkuntzako ordezkariekin —eskola eta haur eskolako zuzendariak eta guraso elkarteko ordezkariak— eta herriko eragileekin batu ziren. Azken horretan herriko hamabi talde eta eragile desberdinetako ordezkariak elkartu ziren. Aldi berean, udalarekin ere lanketa egin zuten; udalak dauzkan harrera-mekanismoak eta harrera-guneak zeintzuk diren aztertu zuten, baita zelan jarduten duen eta jarraipena zelan egiten duen ere: “Ze egoeratan gauden eta hobetzeko zer eduki genezakeen ikusi nahi genuen. Horregaz batera, harrera zelan ulertzen dugun eta zelan egitea gustatuko litzaigukeen ere landu genuen”.
Udalean eduki ditzaketen harrera-gune desberdinak zeintzuk diren, gune horretan zeintzuk izango liratekeen lehenengo harrera zein aurreragokoa egiten duten agenteak —teknikariak, administrariak, zinegotzia…— aztertu eta zehaztuz, printzipio gidari batzuk atera zituzten. Hain zuzen ere, azpimarratu duten bezala, harrera prozesu baten moduan ulertzen dute, “zeozer globala, ez dena unean unekoa edota soilik hasieran egin beharrekoa”. Beraz, jarraipena eman behar zaiola eta elkarbizitza eta kulturartekotasuna landu behar dituztela ardi daukate.
Analisi osatu horretatik “emaitza aberasgarriak” irten zirela nabarmendu dute.
Harrera ez denez unean uneko gauza eta udalaren ardura bakarrik, elkarlanerako hautua berretsi zuten: “Komunitatea sortu nahi baldin badugu, eta udalerrira etorritakoak gure komunitatearen parte izatea nahi badugu, baita denok elkar ezagutzea ere, herritarrak inplikatu behar genituela argi ikusi genuen”. Horregatik, talde eragilea sortu zuten, jatorri desberdinetako zortzi herritarrek osatutakoa.
Kooperatibarekin egindako lana konpartitu dute talde eragile horretan, ekarpenak jasotzeko eta denen artean aurrera zelan egin behar duten zehazteko. Talde eragilearen bilera batean sortu zen jaialdi bat antolatzearen ideia: “Ideia moduan irten zen polita eta aberasgarria izango litzatekeela jaialdi bat egitea, herrian aniztasuna dagoelako eta gauzak konpartitzeko eta erakusteko jendea dagoelako”.
Elkarbizitza hobetzea bidean, aurrerapausoak ematen segitu nahi dute. Talde eragilean ekintza eta proposamen asko atera dira, eta apurka-apurka horiek aurrera ateratzen joan nahi dute, “benetan positibo ikusten” dituztelako eta prozesu horretan lagundu ahal dutela uste dutelako. Gainera, zapatuko eguna baliatu nahi dute boluntario sarea handitzeko, talde parte hartzailea gehiago zabaltzeko. Jendea inplikatzen jarraitzeko asmoa daukate, lanketa horretan aurrera egiten segitzeko.
Munduko janariak jaiaren egitaraua:
- 11:30. Ongi etorria eta haurren jolasak.
- 12:30. Munduko jakien prestaketa kolektiboa.
- 14:45. Mundu bat EAn prozesu parte hartzailearen aurkezpena.
- 15:00. Dastaketa eta bazkari herrikoia, Eskolondon.