"Denok egiten dugu memoria, kontziente izan edo ez"
Memoriaren lanketan gazteak inplikatzearen beharraz mintzo da Samara Velte Moran ikerlari eta EHU irakaslea, eta modu berean, hausnarketak eta eztabaidak planteatzearen garrantzia azpimarratu du.
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak gonbidatuta, Memoriaren eraikuntza eta deseraikuntza: zer egin iragan kolektiboaren txatalekin hitzaldia eman berri du Samara Velte ikerlari, EHUko irakasle eta Gizarte, Politika eta Kultura doktoreak, Ean.
Memoriaren lanketa hizpide izan berri duzue Ean. Zertan sakondu duzue?
Gaurkotasunetik eraikitzen den narratiba bat bezala ulertzen dugu memoria. Kontakizun bat da; herritik oso hurbil edo oso urruti egon daitekeen narrazioa izan daiteke, baina memoria izaten jarraitzen du. Memoriak ez dauka hainbeste zerikusirik aspaldiko gertakariak gogoratzearekin soilik; gertakari horiek bizi izan ez dituztenek ere eraikitzen dute. Nagusiki horiek eraikitzen dute memoria. Beraz, gazteei dagokien zerbait ere bada, ez da bakarrik zaharren kontua. Denok egiten dugu memoria, kontziente izan edo ez. Eta batzuetan, desmemoria egiten dugu; eta hor ere ari gara eztabaida memoristiko horretan nolabait parte hartzen. Horretaz kontziente izan behar dugu. Hor badaukagu ardura bat, eta konturatu behar gara guk iraganari buruz nola hitz egiten dugun edo nola gogoratzen dugun horrek eragin handia daukala gizarte bezala pentsatzen dugun horretan, gizarte iruditerietan. Memoria noraino iristen da? Askotan, memoria historikoaz asko hitz egin dugu, eta egia da oraindik ere asko dagoela hitz egiteko eta berkontatzeko 36ko gerraren eta frankismoaren testuinguruan, baina konturatu behar dugu memoriaren esparruan sartzen ari diren gauza asko gertatu direla ordutik: bestelako biolentzia batzuk, bestelako esperientzia batzuk… Ia-ia gaur arte luzatu dira, eta horiek ere nolabait integratu behar dira narratiba horretan. Eztabaida eta hausnarketa baliagarria da konturatzeko memoria zenbateraino den gauza malgu edo moldagarri bat, eraikitzen eta deseraikitzen dena.
Memoria eraikitzeaz hitz egiten da, baina deseraikitzea ez da sarritan aipatzen. Zer da memoria deseraikitzea eta zelan egin daiteke?
Memoria eraikitzeaz eta deseraikitzeaz hitz egiten dugunean, fokua jarri nahi dugu memoriak berezkoak daukan alderdi narratibo edo sortzaile horretan. Askotan hitz egiten da memoriaren transmisioaz, memoria nonbaiten gordeta dagoen gauza bat edo ezagutza finko bat balitz bezala, eta hori transmititu edo transferitu behar da, adibidez, beste belaunaldi batengana. Gero eta gehiago ikusten dugu memoria ez dela ezagutzaren biltegi aldagaitz bat, baizik eta benetan dela kontakizun bat, behin eta berriz eraikitzen duguna. Gogoratzea da gertatutako zerbait berriro kontatzea, eta kontatzen dugun momentuan, kontatzen dugun edozer gauza bezala, gehitzen dizkiogu gure distortsioak. Segun eta guk mundua nola ikusten dugun, gure posizioa zein den… era batera edo bestera kontatuko dugu. Horregatik, instituzioek eraikitzen dute memoria mota bat, instituzio bakoitzak garai desberdin bakoitzean seguruenik desberdin bat eraiki du, eta gero, badaude bestelako memoria mota asko, memoria soziala deritzenak, gizartean existitzen direnak, familia barruan existitzen direnak, pribatuagoak izan daitezkeenak edo ez… Gauza da konturatzea nola eraikitzen dugun hori, ze tresna dauzkagun eskura, nola egiten dugun, askotan kontziente izan gabe, eta beste momentu askotan kontzienteki nola eraikitzen dugun iraganari buruzko narratiba bat.
“Memoria ez da ezagutzaren biltegi aldagaitz bat; behin eta berriz eraikitzen dugun kontakizuna da”
Askotan esaten da historia garaileen ahotik jaso eta kontatu dela, eta, beraz, gizonezkoengandik. Historiaren kontaketa bezala, memoriaren lanketa ere horrela izan al da?
Iragana edo historia kontatzeko pribilegioa botere mota bat da; normalean historiako botere motei lotuta doa. Instituzioek askoz baliabide gehiago eta boteretsuagoak dauzkate eskura, iraganari buruzko narratiba batzuk ezartzeko eta zabaltzeko, norbanako normalak dauzkanak baino. Hori bistakoa da. Hor daude egutegi ofizialak, ze jai egun hartzen ditugun, noren edo zeren omenez, hor dago arkitektura publikoa, espazio publikoa nola berkonfiguratzen dugun edo kaleen izenak, omenaldiak eta abar. Eta besterik gabe, diskurtsoetan edota komunikabideetan ze agenda markatzen den. Baina horrek ez du esan nahi ezin daitezkeenik horren kontra edo horrekiko paraleloki bestelako memoria batzuk existitu. Gainera, konturatzen baldin bagara oraintxe bertan dauzkagun memoriazko narratibak zein neurritaraino dauden baldintzatuta botere instituzionalek eraiki dituzten diskurtso horiengatik, errazagoa izango zaigu horiek kuestionatzea, deseraikitzea, alternatibak pentsatzea… Guzti horretaz kontziente garenean, beharbada, errazago planteatu dezakegu ea memoria horiek, besteek eraiki zituzten memoriazko narratiba horiek, eta bereziki, instituzio jakin batzuek eraiki zituztenek, zenbateraino balio diguten edo zenbateraino egokitu behar ditugun, edota eraiki behar ditugun gaur egungo testuingurura hobeto egokitzen diren beste narratiba batzuk.
Memoria emakumeen ikuspegitik eraikitzearen beharra ere askotan entzuten da. Hasi gara horretan?
Narratiba historikoak ezartzeko pribilegio edo botere hori oso lotuta doa sozialki legitimatzen ditugun ahotsetara. Historian, legitimazio gehiago jaso duten ahotsak beti izan dira gizonezkoenak, eta zentzu horretan, ez gizonezkoenak bakarrik, badaude alde sozial pila bat, sistematikoki pribilegio posizio batean zeudenak, orokorrean, legitimitate gehiagorekin ikusi izan dira, tartean, agintari politikoenak eta abar. Hor non geratzen dira emakumeak, eta bereziki, emakume arruntak? Erabat testuinguru pribatura mugatuta. Ez dut esango ez dutenik gogoratu. Uste dut memoria pribatu bezala ulertzen ditugun asko mantendu direla neurri handi batean emakumeek egin duten kontakizunari esker, baina gutxitan iritsi direla esparru publikora, ez baldin bada norbaitek propio bultzatu edota eskatu duela eta gonbidatu dituela. Publikoak ez baldin baditu entzuten edo ez baldin bada jabetzen, geratuko zaigun narratiba askoz oinarrizkoagoa izango da, askoz alde bakarrekoagoa, eta seguruenik beti bezala sektore zapalduen beharrak eta ahotsak entzun ez dituena. Horregatik, memoriari buruz hitz egiten dugunean, memoria eraikitzeko prozesu horretan, seguruenik arreta berezia eman beharko zaio sektore guzti horien esperientziak bereziki jasotzeari.
Zeintzuk dira iragan kolektiboaren txatalak? Eta zer egin daiteke edo egin beharko litzateke horiekin?
Askotan, eta bereziki Euskal Herrian, aukera oso gutxi izan ditugu benetan kolektiboa den memoria bat eraikitzeko. Eta askotan daukaguna da zatitutako kontakizun bat, handik eta hemendik erreskatatu ditugun kontakizun batzuk. Esperientzia batzuk askotan oso berandu komunikatu dira edo ez dira inoiz kontatu, urte luzez diktadurapean ez zegoelako espaziorik iragandakoaz hitz egiteko eta hori berkontatzeko. Beranduagoko zenbait gertakariri buruz ere ezin da hitz egin modu oso irekian. Bagoaz tabu pila bat pilatzen, eta tabu horiek eragozten dute jendea, gizartea, modu zabalean inplikatzea. Beraz, momenturen batean hasi beharko genuke txatal horiek, handik eta hemendik dauzkagun kontakizun zatikatu horiek biltzen, eta saiatzen ea horietatik gai garen kontakizun batzuk irekitzeko. Ez dut sinisten errelato bakarraren ideia horretan, baina ea posible dugun horretatik gutxi gorabehera ados egon gaitezkeen kontakizun batzuk eraikitzea, elkarren arteko harremanak ere bilatuta. Ez historia mugatzen garai historiko zehatzetan, baizik eta konturatzen memoria, iraganeko gertakizunak, traumak eta halakoak gauza oso konplexuak direla eta askotan elkar korapilatuta daudela.
“Euskal Herrian aukera oso gutxi izan ditugu benetan kolektiboa den memoria bat eraikitzeko”
Memoriaren lanketan zein transmisioan, zeintzuk izan ohi dira hutsune edo gabezi nabarmenenak?
Gabezi handiena edo zailtasun handiena gazteak inplikatzea da, memoria beti lotzen delako belaunaldi oso helduen esperientziarekin. Ematen du memoria hor dagoela, eta haiei tokatzen zaiela hori erreskatatzea. Eta kostatzen dela ere ulertaraztea sortzen ditugun narratiba memorialistikoek harreman handia daukatela bizi dugun testuinguruarekin. Oraintxe bertan dauzkagun zailtasun edo erronka politiko eta sozialek asko baldintzatzen dituzte iraganari buruz egiten ditugun irakurketak. Adibidez, 36ko gerrari edo beste edozein gertakariri buruz historian zehar eraiki diren narratibak nola joan diren aldatzen, segun eta momentu horretan politikoki zer ari zen gertatzen edo sektore bakoitzak ze interes zeuzkan. Memoriak zerikusi gehiago dauka gaur egun bizi dugunarekin eta gaur egungo testuinguruarekin, historiarekin baino. Historiari buruz hitz egiteko modu bat da, baina zerikusi gehiago dauka guk gure burua ulertzeko daukagun moduarekin. Eta horrela enfokatuko bagenu, uste dut gazte jende gehiagok konektatuko lukeela. Gazteei tokatzen zaie beraien gaur egungo mundua ulertzeko koordenadak bilatzea iragan horretan, eta ez hainbeste helduei. Agian, helduei tokatuko zaie beraien esperientziatik gogoratzea, baina onartu behar da belaunaldi berriek beti oroituko dutela beraien testuingurutik, eta hori ondo dago. Normalean, hori kostatzen da, eta kasu zehatz honetan badauzkagu muga administratibo eta politiko oso handiak. Eta tabu sozial bat eraiki duzunean politikoki, gai batzuk zuzenean demonizatuz edo esan ezin bihurtuz, horrek gero faktura handia pasatzen du. Urte askotan ez baldin bada sortzen konpartitzeko narratibarik edo gertakariei buruzko gauzak konpartitzeko girorik, hori gero berriz martxan jartzea zaila izaten da.
Gaur egungo testuinguruan transmisioaren beharra are garrantzitsuagoa al da?
Bada bai, ze memoriaren funtzioa ez da bakarrik iragandako eskubide urraketak salatzea edota biktimak omentzea. Are funtzio garrantzitsuagoa dauka, eta hori da gaurkotasunean mugitzeko tresnak eskaintzea. Gaur egun oraindik eta adierazgarriagoa da, ze oraintxe bertan badaude joera edota proiektu batzuk eremu politikoan, eta gizartean orokorrean, ia iraganeko forma asko bereganatu dituztenak, eta eurak ere badaukate beraien memoria. 40 urteko faxismoaren memoria hori ez da desagertu, eta berraktibatzen da, eta oraintxe bertan, gainera, nahikotxo indarrez. Proposamen askok badakarte garai bateko oihartzuna. Aurre egin izan diogu horri, eta horretarako, kontziente izan behar dugu tresna poltsa bat daukagula historian, nolabait balio diezagukeena gaur egun bizi ditugun erronka horiei aurre egiteko. Baina horretarako garrantzitsua da eztabaida horretan inplikatzea, era batera edo bestera.
Hezkuntzara zuzendutako proiektu bateko kide ere bazara. Zertan ari zarete?
Hezkuntza arautuan memoria kolektiboak daukan lekua aztertzen ari gara proiektuan. Oraingoz, ikusten dugu eskoletako curriculumetan eta programetan, 36ko gerraz hitz egiten dela pixkatxo bat, ez asko, frankismoari buruz are gutxiago, eta trantsiziotik aurrera ezer ez dela aipatzen. Hor bada hutsune edota tabu handi bat; irakasleek ez dakite nola landu gai hauek eskolan. Orain, azterketa bat egiten gabiltza, gero proposamen bat planteatu ahal izateko. XX. mendea pasatu zen, eta XX. mende amaieran gertatutako gauza asko memoria bezala landu daitezke, batez ere, gazteen ikuspegitik. Horretarako behar dira proposamen pedagokikoak. Eta nahiz eta sozialki tabu izan, eskolak planteatu dezake espazio seguru bat horiek lantzeko eta belaunaldi berriak gonbidatzeko eztabaida horretara. Proiektua oso hasi berria da; Nafarroatik hasi gara, Nafarroako Gobernuak eta Memoriaren Institutuak badaukatelako proposamen pedagogiko oso interesgarria eta berritzailea, eta hori aztertzen ari gara. Eta helburua da gero hori zabaltzea erkidegora eta Ipar Euskal Herrira, eta ikustea ea denen artean posible den horrelako proposamen bateragarri bat egitea.
NOR ikerketa taldean ere bazaude. Zein da zuen helburua?
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde kontsolidatua da NOR ikerketa taldea, Leioako Komunikazio fakultatean kokatua. Komunikazio eta kultur ikasketak lantzen ditu bereziki, eta foku berezia dauka hizkuntza gutxituetan eta identitate nazional subalternoetan. Ikerketa talde oso handia da, kide pila bat gara, eta gure ikergaiak oso anitzak dira; euskarazko komunikabideen audientzien neurketatik hasi, eta azterketa ia soziologiko edo kultur-sozialarekin lotutako azterketetaraino, kultu adierazpenak.. batez ere horiek identitate sozialekin daukaten lotura da interesatzen zaiguna. Kultur adierazpen desberdinak ikertzen ditugu, baina, beti ere, orientazio sozial batetik.