"Greba orokorrak garaipen berrien atea irekitzeko balioko du"
Goizeko piketeekin hasi dute greba orokorra eskualdean, eta herrikako mobilizazio propioekin amaitu dute. Sindikatuen arabera, jarraipen «zabala» izan du greba deialdiak.
1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren ezarpena eta soldaten hobetzea izan dituzte aldarri nagusia gaur [martxoak 17], LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako greba orokorragaz bat egin dute Hego Euskal Herriko herritarrek. Sistema “kapitalista, heteropatriarkal, ekozida eta arrazistak” mundua hankaz gora jarrita daukala eta “Euskal Herria errealitate horretatik salbu ez dagoela” salatu dute berdin hiriburu zein herrietan, tartean Busturialdekoetan: “Aberatsak aberatsago dira, boterea geroz eta esku gutxiagotan dago eta langile sektorea geroz eta gehiago bazterrean”.
Patronalak eta agintari politikoek aberastasuna modu justuan banatzeko neurriak blokeatzeko prest daudela salatu dute arratsaldeko mobilizazioetan: “Bertan bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea ekidin nahi dute, eta dagoeneko pairatzen ditugun arrakala sakonetan sakondu”. Horrenbestez, itxi nahi dituzten ateak irekitzeko bide gisa defendatu dute greba orokorra.

Gernika-Lumon ere manifestazioa egin dute arratsaldean
Gutxieneko soldata handitzea exijitzean, egungo soldatek “erosahalmena galdu” dutela mahaigaineratu dute, prezioek goraka jarraitzen baitute. 307.000 langilek 1.500 euro baino gutxiagoko soldata daukatela nabarmendu dute; gehienak emakumeak eta langile migratuak dira: “Guk ez dugu nahi Euskal Herrian inork bizitza duinerako nahikoa diru sarrera ez izatea; horregatik da garrantzitsua, besteak beste, gutxieneko soldata hemen erabakitzea, 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea”.
Errealitate hori irauli nahian dabiltzan kolektibo, mugimendu eta pertsonek “indarrak batu” eta greba batzordeetan elkarrekin lanean aritu izana azpimarratu dute, pertsona guztiei “diru sarrera duinak” bermatzea desberdintasun sozialei aurre egiteko eta aberastasuna banatzeko “nahitaezko osagaia” delako: “Justizia sozial kontua da”. Bide horretan, greba orokorra langileek eskura duten “tresna indartsuenetakoa” dela zehaztu dute: “Lantokietan planto egiten dugu; ekoizpena gelditu eta gure lanetik etekinik ateratzea ekiditen dugu”.
Hala, greba egunagaz eta mobilizazioagaz bat egin duten langileak agurtu dituzte mobilizazioetan. Gogoan izan dituzte baita ere, greba egiterik ez dutenak, besteak beste, egoera administratibo irregularrean daudenak edo gelditu ezin diren zaintza lanetan dihardutenak.
Hamaika aldarri.
Greba “elkartasun” keinu gisa deskribatu dute. Izan ere, deialdia gutxieneko soldataren igoerak bultzatu arren, egungo testuinguruak “hamaika arrazoi gehitzeko aukera” ematen du: “Etxebizitzen prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta esku hartze bakarra errentisten mesedetan egiten da; zerbitzu publikoen eraispen isila eta etengabea bizi dugu; pentsioetan, soldatetan bezala, sexu-generoak arrakala betikotzen jarraitzen du; eskubideen murrizketak justifikatzen dituzte, batzuk urrunegi joan omen direlako. Krisi ekonomikoa ere areagotzen ari da, eta langileok urtero gure lanpostuetan gaixotu eta hil egiten gara, patronalaren utzikeria dela eta”. Boteregunea langileak “desberdinen aurkako gerran” sartu nahian badabil ere, “amua irensten ez dutela” aldarrikatu dute herritarrek: “Bakarrik eta beldurtuta nahi gaituztenen aurrean, mezu argia gaurkoan: elkarrekin eta borroka egiteko prest aurkituko gaituzue”.
Hala, greba orokorrak “garaipen berrien atea irekitzeko balioko” duela aldarrikatu dute, gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeak mila langileren diru sarreretan zuzenean egingo lukeelako: “Lantokietan, kalean, etxean eta edonon, jarrai dezagun borrokan”.
Deialdi ezberdinak
Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase borroka hedatu lelopean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere bat egin du deialdiagaz, egungo egoera langile klasearen “bizi eta lan baldintzen okertze orokortuak” markatzen duelako. Horren aurrean, langilea borrokarako subjektu gisa antolatu eta sozialismoaren aldeko perspektiba politikoa indartzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute, greba orokorra “borroka hedatzeko tresna” gisa ulertuta. Horregatik, hiriburuetan manifestazioak deitu dituzte beste sindikatu eta eragile batzuekin.

Manifestazioa Goiko Plazan hasi eta amaitu dute bermeotarrek.
Azpimarratu dutenez, “gero eta ohikoagoak” diren lan gatazka, enpresen itxiera eta kaleratzeen atzean, enpresari handien interesak daude, eta gaurko eguna “kapitalaren eta oligarkiaren interesak joguman jartzeko eguna” izan da. Izan ere, “burgesiaren esku pribatuetan pilatutako aberastasunaren sozializazioa” da langileen ongizatea bermatzeko baldintza.
Era berean, langile klasearen pobretzea eta estatuen “joera autoritarioa” elkarri lotuta daudela zehaztu dute: “Kapitalismoaren krisi egoeran, estatu aparatuak gero eta joera autoritarioagoak hartzen ari dira, kapitalaren interesak babesteko”. Europako Batasuna bezalako “instituzio kapitalisten mandatuak” ere kritikatu dituzte, horiek ezarritako politika ekonomiko eta militarrek langile sektoarengan eragin zuzena dutela uste baitute.
Greba orokorragaz bat eginik ere, antolakunde sozialistatik azken urteetan zabaldu den greba ereduaren inguruko kezka adierazi dute, “askotan greba deialdiak sindikatuen zuzendaritzen artean adosten” direlako eta gero, langileak grebara deitzen direlako. Uste dute jarduteko modu horrek “langile klasearen zati handi batean nahasmendua eta desatxikipena” eragiten dituela, langileak ez baitira antolakuntzaren parte aktibo sentitzen; hala, greba orokorrek langile klasearen antolakuntza eta erabakimena hedatzeko balio behar dutela defendatu dute eta, ondorioz, greba deialdien prestaketan zein emaitzen inguruko eztabaidetan langile mugimendu antolatuak “protagonismo handiagoa” izan beharko lukeela.
Goizean gozetik, kalean.
Herriz herri, 05:00etan abiatu ziren lehenengo piketeak. Gernika-Lumon pikete eta bide mozketekin hasi dute eguna: 40 lagunetik gora batu dira blokeo, kotxe karabana eta informazio banaketarako. Gernikako Ernaitik adierazi dutenez, “polizia hainbat gazteren aurka oldartu zen”. Hamar gazte identifikatu eta bi isun ipini dituzte. Bermeon, berriz, ez da intzidentziarik antzeman.
Bestalde, Busturialdeko Kontseilu Sozialistatik 08:30ean eman diote hasiera jardunaldiari, Gernikako Gaztetxean elkarrekin gosaldu eta pikete informatiboak abiaraziz.
Jarraipen “zabala”.
LAB Sindikatuak helarazitako datuen arabera, grebak jarraipen “handia” izan du Busturialdean. Gernika-Lumon %60ko eragina izan du eta Bermeon %70ekoa.

Argazkia: Gernika-Lumoko greba komitea
Enpresa eta lantoki askotan jarraipena “oso zabala” izan dela jakinarazi dute sindikatuetatik. Busturialdean Losal eta Salica enpresetan %90eko jarraipena izan du grebak, Talleres De Gernikan eta Alzagan %60koa eta Exclusivas Gernikan, erabatekoa. Ebaki, Egoin eta Zallo enpresetan ere deialdiak %30etik gorako erantzuna izan duela zehaztu zuten.