Greba "jarraipen zabala" izaten ari da lehen orduetan
Sindikatuen arabera, Greba Orokorra "jarraipen zabala" izaten ari da. Grebalariak goizeko 05:00etan hasi dira piketeekin, eta arratsaldean herriz herri egongo diren mobilizazioekin emango diote amaiera egunari.
Argazkia: Gernika-Lumoko greba komitea ELA, LAB, Hiru, Steilas eta EHNE-Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzeko eta soldatak hobetzeko gaurko [martxoak 17] deitutako Greba Orokorra “jarraipen zabala” izaten ari dela iragarri dute sindikatuek. Busturialdean ere hamaika dira greba deialdiagaz bat egin dutenak. Goizean martxan jarri diren hainbat enpresak greba piketeen bisita izan dute eta batzuek orduan erabaki dute ateak ixtea.
Gernika-Lumon pikete eta bide mozketekin hasi dute eguna, 05:15ean. 40 lagunetik gora batu dira blokeo, kotxe karabana eta informazio banaketa aurrera eramateko. Gernikako Ernatik adierazi dutenez, “polizia hainbat gazteren aurka oldartu da”. Guztira 10 gazte identifikatu dituztela eta 2 isun jarri dituztela argitu dute sindikatuetatik; Bermeon berriz, goizean zehar ez da intzidentziarik antzeman.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere bat egin du greba orokorragaz, Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase borroka hedatu lelopean. Busturialdeko Kontseilu Sozialistatik 08:30ean eman diote hasiera jardunaldiari, Gernikako Gaztetxean elkarrekin gosaldu eta pikete informatiboak abiaraziz. Ostean Bilborako trena hartu dute, EHKSk beste sindikatu eta eragile batzuekin deitutako manifestazioan parte hartzeko.
LAB sindikatuak helarazitako goizeko datuen arabera, greba jarraipen “handia” izaten ari Busturialdean: Bermeon %70eko eragina izaten ari da eta Gernika-Lumon %60ekoa. Izan ere, eskualdeko enpresa eta lantoki askotan jarraipena “oso zabala” izan da; Losal eta Salica enpresetan %90eko jarraipena du grebak, Talleres De Gernikan eta Alzagan %60koa eta Exclusivas Gernikan, erabatekoa. Ebaki, Egoin eta Zallo enpresetan ere deialdiak %30etik gorako erantzuna izan duela zehaztu dute. Zerbitzu publikoetan ere eragina izan du grebak; izan ere, Gernika-Lumoko eta Bermeoko udalek %70 inguruko jarraipena izaten ari dira.