"Nestor"
Leire Lekuona Elizondo idazle bermeotarrak bere ‘Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa’ ipuin liburua oparitu digu Hitzan plazaratzeko. Kapituluka eta barikuro, gure orrialdeetan irakurriko duzue. Gozatu!
Herrian inork ez zekien ezer nitaz. Batzuen ustez, itsasontzi-istripuren batek ekarri ninduen itsasertzera, baina horren berririk ez zen egon azken aldian. Misterioa nintzen, beraz. Zezilia jarri zidaten izenez, eta Nestorrek hartu ninduen bere etxean.
Ai, Nestor! Nire marinel zaharra, nire salbatzailea… Gerora jakin nuenez, nagusitxoa zen. Orduan ez nintzen kapaz denboraren tolesturak ikusteko aurpegietan. Marinel izaniko gizon handia eta eskuzabala zen Nestor. Gizon isila baina zintzoa. Itsasoaren haize hezeari aurre eginez erretzen zuen pipa egunero, soinean zeraman jaka urdin-ilun potoloan tabako errearen aztarnak utziaz. Esku handiak eta beroak zituen, eta beti janzten zuen auskalo noiz ehundutako txano grisa buruan. Batzuetan, irribarre gozoa ateratzen zitzaion. Besteetan, seriotasun irmoa ageri zitzaion aurpegian, pentsamendu sakonetan murgiltzen zenean.
Portutik gertu bizi ginen, etxe txiki baina eroso batean. Niretzat, ordea, zulotxoak zituen kutxatxoa zen. Ortozik, egurrezko oholek krak-krak egiten zuten nire bi hanka berrien azpian. Haren arreba Isabelek laguntzen zion noizbehinka etxeko lanetan, baina, ni nengoenetik, egunero etortzen zen gurera, eta berak garbitzen eta janzten ninduen. Baina ez zen erraza izan niretzat jantzi behar izana ikastea, nik ez bainuen ulertzen zergatik garbitu eta ostendu behar nuen geroz eta lehortuagoa sentitzen nuen gorputza. Lotsarazten omen zien. Orrazten bai, ordea, hori ikasia nuen aspaldi. Orduak ematen nituen apain-mahai gaineko ispilu txiki baten aurrean nire adats ederra leunki eta maitasunez orrazten. Hori zen plazera niretzat, denbora gelditzen zelarik.
Alarguna zen Nestor. Mundura umerik ekarri gabe joan zitzaion emaztea zerura, hara joaten omen dira-eta gizakiak hil ostean. Horregatik hartu ninduen bere gain, bere bihotz handiaren bakardadeak bultzatuta. Askotan sentitzen nuen haren begirada galderaz josia. Hasieran, Nestorrek pentsatu zuen mutua nintzela. Ez nuen ezer esaten, baina ezta ulertu ere. Horregatik, atzerritarra izango nintzelakoan, pazientzia osoz eta astiro-astiro hitz egiten zidaten, ume txikiei egiten zaien antzera. Atzerritarra, mutua eta oroitzapenik gabeko gizaki misteriotsua nintzen denentzat. Haiek jakin izan balute…
Apurka-apurka, ikasten hasi nintzen, ez hizkuntza bakarrik, baita gizakien ohiturak ere. Aurpegiko espresioak imitatzen nituen, ispilu aurreko jokoa balitz bezala, eta barre eragiten nien etxekoei. Noizbehinka, herrira ateratzen ninduen Nestorrek, bertoko txokoak ezagutu eta jendearekin harremana izan nezan. Jantzi luze eta estuetan sartzen ninduen Isabelek. Oinetako gogorrak jarri behar izaten nituen, eta ilea txirikordaz giltzaperatua amaitzen zuen beti. Merkatuan erosketak egiten genituen, edo arrantzaleei egun on esaten genien. Nestor ez zen, hala ere, oso hizlaria, ez eta solasaldi luzeen lagun.
Ohitzen hasia nintzen nire bizi berrira, ez bainuen lehenagokoaren oroimenik. Baina oroimena buruan kokatzeko joera dugun arren, beste leku askotan topa daiteke, larruan edo bihotzean adibidez. Ezen Nestorrek edo Isabelek etxetik ateratzen ninduten bakoitzean, kasu gutxi egiten nien haien lagunei. Izan ere, urruneko itsasoari begira gelditzen nintzaion. Begiak itxi eta haren gazia usaintzen nuen, perfumerik garestiena bailitzan. Eta olatuen soinua atseginagoa nuen Nestorrek noizbehinka jotzen zuen musugitarraren melodiak baino. Tripetatik gorputz guztira zihoan bultzada nabaritzen nuen, instintiboa, dena bertan behera utzi eta ur haietan murgilduko ninduena.
Nestorrek asko maite ninduen. Izan ez zuen alabaren antzera zaintzen ninduen. Janzten zituen jertse gris ilunen antzekoa zen: isila, apala eta serioa, baina maitasuna nabaritzen nion nireganako begiradan. Batzuetan, leiho ondoko butaka berdean jesartzen zen arratsaldeko urre-koloreko argia lagun, eta oraindik ulertzen ez nituen liburuak irakurtzen zizkidan. Beti izaten zuen zerbait kontatzeko, eta alaiki egiten zuen. Isabelek pozik begiratzen zion etxeko jabeari, atearen bestaldetik amantalean eskuak lehortzen zituen bitartean, ez baitzuen aspaldi hain pozik ikusi. Eta nik ere asko maite nituen etxekoak. Arroz-esnea jaten nueneko gozotasun berbera sentitzen nuen bihotzean haiek ikusita.
Baina ni ez nintzen etxean bizitzeko sortua. Elizako kanpaiak orduak neurtzen zituen bitartean, nik olatuak zenbatzen nituen nire balkoitik. Eguzki askok zeharkatu zuten zerua ni hondartzatik jaso nindutenetik, eta gauero, ilea plazerez orrazten nuen bitartean, ilargiaren zilarrezko aurpegiari begira gelditzen nintzaion, nor
nintzen galdezka. Gizakiak maite nituen, eta haien itxura nuen, baina sentitzen nuen haien bizitzak ez zirela nirearen modukoak.
Ilargia, ordea, mutu zegoen nirekin. Edo agian, gizakiekin gertatzen zitzaidan moduan, ez genuen hizkuntza berdina erabiltzen. Eta triste nenbilen ni, galderei erantzunik eman gabe. Zu berriro aurkitu zintudan arte.