'Bizitasunez bizitzen' programa indartu du udalak, "adinekoen ongizatea bermatzeko"
Programa barruko Gorputza Martxan, Burua Martxan eta psikoestimiulazio tailerrek talde bat gehiago izango dute otsailaren 2tik [astelehena] aurrera. Itxaron zerrendetan izena emateko aukera zabalik dute herritarrek, Gizarte Ongizateko Sailean.
Zahartze aktiboa, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko politiketan aurrerapausoak ematen jarraitu asmoz, Bizitasunez bizitzan programaren barruan eskaintzen dituen Gorputxa Martxan, Burua Martxan eta psikoestimulazio tailerrak indartu ditu Bermeoko Udaleko Gizarte Ongizaterako Sailak. Iragarri dutenez, tailer bakoitzean talde bat gehiago eskainiko dute, zerbitzu horiek zahartze-prozesua modu aktiboan, autonomoan eta duintasunez bizitzeko “funtsezko tresna” direlako. Hala, azken urteotan “nabarmen handitu” den herritarren eskaerari erantzungo dio udalak.
Adinekoen ongizatea konpromiso sozial eta instituzional sendo baten adierazpena dela zehaztu du Endika Etxebarria Gizarte Ongizateko zinegotziak: “Bermeoko Udalak argi dauka zahartze aktiboa ez dela etorkizuneko erronka bat, orainaldiko ardura bat baizik, eta horregatik indartu ditugu zerbitzu hauek, herritarren eskaerari erantzun eta adinekoen ongizatea bermatzeko”. Hala, aurrerantzean galera kognitiboa prebenitzea helburu duen Burua Martxan tailerrak 36 pertsona hartuko ditu —lehen 24 ziren—, hiru taldetan banatuta. Gogoratu dute parte hartzaileek ezin dutela buruko gaixotasunik eduki. Gaitasun fisikoa mugikortasuna zaintzeko Gorputza Martxanek, berriz, 75 parte hartzaile hartuko ditu, lehen baino 15 gehiago. Astean ordu bateko bi saio egingo dituzte, eta bat egiten dutenek ezingo dute gaixotasun fisiko larririk izan. Azkenik, narriadura kognitiboa edo dementzia fase arina duten pertsonei zuzendutako Psikoestimulazio tailerrak 36 pertsona hartuko ditu. Zerbitzuak indartuta, bermeotarren beharrei “modu arduratsu, errealista eta iraunkorrean” erantzutea da udalaren xedea.
Halere, nahiz eta taldeak handitu, programak hasieratik beteta hasiko direla argitu du Etxebarriak, aurreko izen ematetik sortutako itxaron zerrendatik bete baituzte plazak. Nolanahi ere, herritarrei izena ematen jarraitzeko deia luzatu die zinegotziak, ohikoa izaten baita urtean zehar tailerra uzten duen jendea egotea. Plaza horiek itxaron zerrendatik betetzen jarraituko dutela argitu dute. Horretarako, izena eman gura dutenek Gizarte Ongizateko Sailera jo beharko dutela zehaztu du —Gizarte eta Kultura Etxeko 2. solairura bertaratuta edo 94-617 91 60 telefono zenbakira deituta—. Bestetik, osikoestimulazio tailerrean plazen esleipena egiteko zozketarik egiten ez dutela gogoratu dute, “normalean gizarte-langileen deribazioz sartzen direlako parte hartzaileak”.
Zerbitzuaren indartzeak “inbertsio ekonomiko garrantzitsua” dakarrela nabarmendu du zinegotziak: “Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak aztertu ditugu, udal gisa eskatzen ziren baldintzak betetzen genituen ikusteko. Horretan artiu gara azken hiruhilekoan zehar, eta azkenean, 7.000 euroko diru-laguntza eman digute”. Horregatik, udalaren konpromisoa sozialez gain ekonomikoa ere badela azpimarratu nahi izan du, diru-laguntzarekin eta udalaren ekarpenarekin zerbitzua 24.000 eurorekin indartu baita, “egonkortaunez eta kalitatez” eskaintzen jarraitzeko beharrezko baliabideak bermatuz. Programa guztiaren kostua 69.000 eurokoa dela argitu du.
Irizpideen egokitzapena. Iraide Artetxe Bizitzen Fundazioko eta Bizitasunez bizitzen programako koordinatzaileeak aurten Gorputxa Martxan programan izena emateko gutxieneko adina 65 urtetik 70 urtera igotzeko hartutako erabakiak eztabaida sortu dela aitortu du, eta hori argitze aldera, programaren bilakaera historikoa gogora ekarri gura izan du: “Hasieran 55 urtetik gorakoentzat zabalik zegoen izen-ematea, baina ikusi dugu urteen joan etorriarekin errealitatea aldatuz joan dela; bizi-itxaropena handitu egin da, zahartze-indizea handiagoa da, bizi-kalitatea lehengoa baino askoz hobea da eta kirol kultura ere barneratuz joan gara”. Adin irizpidearen inguruko eztaibaida ulertzen badute ere, Gizarte Ongizate Sailetik ekimen babestua izanik lehentasunak finkatu behar direla uste dute azaldu du: “Gizarte desabantailan dauden edo gehien behar dutenei lehentasuna eman nahi diegu, eta horrek ekarri du irizpideak aldatu beharra.”
Koordinatzailearen hitzetan, gainera, Burua martxan eta Gorputza Martxan programetako parte hartzaile askok osasun profesionalen gomendioz parte hartzen dute eta horrek programen “balio terapeutikoa handitzen” du.
Era berean, Bizitasunez bizitzen programaren baitan zaintzaileentzako eta senitarteko zaintzaileentzako laguntza psikologikoa ere eskaintzen dutela gogoratu du. Zerbitzu horren bitartez, antsietatea, depresioa, gainkarga emozionala edo neke psikikoa bezalako egoerei aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkiete zaintzaileei, bai taldeko saioen bidez, bai banako arretaren bidez, beharrekzoda den kasuetan.
2004tik martxan. Jose Ramon Alberdi Gizarte Ongizaterako zuzendariak gogoratu du Bermeok “ibilbide luzea” egin duela zerbitzuak eskaintzen. Izan ere, 22 urte dira programa martxan jarri zutela, eskualdean zein Bizkaia mailan aitzindari izanik. Geroztik, ekimenaren balioa berretsi dela adierazi du: “Urteek beretsi dute programa horiek martxan jartzeko erabakia zuzena izan zela. Programen harrera beti izan da oso ona, eta arrakasta hori ez da kasualitatea: herritarren benetako beharrizanetik sortutako zerbituak direlako. Sare publikoak estaltzen ez dituen hutsuneak betetzen dituzte, eta hori funtsezkoa da bai parte hartzaileentzat, bai familientzat”.
2004az geroztik, hiru programak komtuan hartuta, 1.500 herritarretik gora izan dira Gizarteongizate Sailaren eskaintzagaz bat egin dutenak: 899 herritarrek parte hartu dute Gorputza Martxanen; 360k Burua Martxan programan eta 264k, psikoestimulazio tailerrean. Alberdik nabarmendu duenez, psikoestimulazio tailerrean gizonen eta emakumeen “presentzia orekatua” da; beste bi programetan, ostera, emakumeak dira gehiengo nagusi. Halere, azken urteetan Gorputza Martxan programan bi gizonezkok parte hartu dutela azpimarratu du, “joera pixkanaka gorantz joatea” aurreikusten dutela zehaztuz.
Udal ordezkariek aurrera begira herritarren eskariaren bilakaera aztertzen jarraituko dutela adierazi dute, “hausnarketarako tartea hartuz eta etorkizunean eman beharreko pausoak arduraz eta ikuspegi estreategikoz baloratuz. zerbitzua ahalik eta modurik onenean eskaintzen jarraitzeko helburuarekin”.